Egin dute ekitaldi nagusia

Aiurri 2026ko maiatzaren 23a

Eguzkipean egin dute dantza emanaldi nagusia, eguerdian. 160 dantzari, elkar hartuta, Urnietako historia garaikidean ezagun diren bost pieza dantzatzen aritu dira. Argazki-sorta eta bideoak (behean), ikusgai.

XX. Urnieta Erromerian jaialdiaren saio nagusian, dantzatu dituzte: "Marizulo", "Egi bila", "Urnieta 400", "Eteneta" eta "Muniskue".

Egaperen sorkuntza lanak dira guztiak, eta ezin aipatu gabe utzi bidelagun fidela: Txanbolin txistulari banda. Lurdes Iriondo Musika Eskolako kideak ere bidelagun izan dituzte gaurko saio berezian. Joxe Mari Oiartzabalen zuzendaritzapean aritu dira musikari guztiak.

Hitzordua, bide batez, garai ezberdinetako egapekideak elkartzeko aukera aproposa izan da. Denek egin dute Egape, eta ibilbide osoan aritutako kide ohiak elkarrekin dantzan ikustea ederra izan da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!