Zer dela eta jarri zenuten martxan ardo dastaketa?
Mirari Igerategi. Alabaren ideia izan zen, eta niri ere oso polita iruditu zitzaidan ardo motak ezagutzea eta kultura horretatik ikastea.
Nekane Orkaizagirre. Ardoa oso gogoko dut, baina ez daukat ezagutza handirik. Era berean, ardoaren kontsumoa jaisten ari da, gazteen artean garagardoaren kontsumoa gailentzen da, eta tabernan espazioa dugula ikusita, egoera horri buelta emateko aukera ikusi nuen. Dastaketaren bidez, ardoaren kultura ezagutaraztera emateaz gain, gazteak erakartzeko modu ona izango zela pentsatu nuen.
Espero zenuten hainbeste lagunek interesa agertzea?
N.O. Nik ez, egia esan. Hasieratik jendea animatzen hasi zen, jende heldu nahiz gaztea, eta taberna bete egin zen.
M.I. Bai, hain zuzen ere, hori bilatzen dugu; gazteak eta adineko jendea batzea. Giro hori sortu nahi dugu.
N.O. Parte hartzeari dagokionez, erantzuna oso ona izan zen, eta batzuk parte hartu ezinik gelditu ziren. Bestalde, egia da, lekua mugatua dela, 20 lagun soilik kabitzen dira.
Ardo dastaketari dagokionez, jakin-min handia dagoela iruditzen zaizu?
M.I. Ez nago ziur, oraindik hasi berriak gara alor horretan, baina, baietz esango nuke.
N.O. Uste dut tabernara normalean datorren bezeroak ez duela ardoaren inguruan galdetuko, aldiz, ardo dastaketa bat antolatzen baldin bada, eta ardo bereziak dastatzeko aukera badu, errazagoa izango da parte hartzeko interesa adieraztea. Horrelako dastaketek ardoaren inguruko ezagutza eskuratzeko aukera ematen dute; graduazioa, kolorea, zaporea… Zentzu horretan, badago jakin-mina.
Hurrena, Euskal Herriko ardoetatik Kataluniako ardoetara pasako zarete. Zerbait aurreratzerik baduzue?
M.I. Bai, hurrengo hilean Kataluniako ardoak dastatuko ditugu. Ardo mota desberdinak eskaintzea gustatzen zaigu, aldatzen joateko. Beraz, bai, hurrengo hilean Mediterraneo aldeko ardo batzuk dastatzeko aukera izango dute. Andrea Melo da ardo dastaketetan ardoak aurkezten dituena, eta berak azalduko dizkie parte hartzaileei ardo bakoitzaren berezitasunak.
N.O. Ardo dastaketa tematikoak egitea proposatu genion, funtsean, ardo mota desberdinak ezagutzeko. Berari interesgarria iruditu zitzaion, eta Euskal Herriko ardoekin hasi zen, eta horren ostean Kataluniakoekin. Ingurukoek baiezkoa eman ziguten, eta horrekin aurrera egitea erabaki dugu. Datorren ekainaren 4an izango da.
Uda eta gero jarraitzeko gogoz zaudete?
M.I. Jendeak erantzuten baldin badu, bai. Gu gustura gaude egitasmo berri honekin.
N.O. Lana da, baina, aldi berean, asetzen gaituen zerbait da. Giro polita sortzen da, izan ere, ez da ardo-dastaketa hutsa, lehenago gazteak hurbiltzen dira, eta amaitzean ere, jendea bertan gelditzen da. Finean, oso giro ona sortzen da. Ez dira dastaketara bakarrik etortzen, eta amaitzean ez dira berehala modu hotzean joaten.
Azpimarratu nahi dut, bestalde, ardo dastaketaz gain, Matxo tabernan, hilabetero, ardo desberdinak eskaintzen hasiko garela.
Bezeroarekin bestelako harremanak sustatzeko aukera ematen al dute horrelako ekintzek?
N.O. Lehen ere, Matxo betidanik oso gertuko taberna izan da.
M.I. Bai, oso gertukoak gara. Hona etortzen direnak ezagunak izaten dira, taberna herrian aski ezaguna baita. Harremantzeko moduari dagokionez, ez dut aldaketarik sumatu.
N.O. Aldaketa handiena sortu den giroan antzeman dugu, batez ere, belaunaldiartekotasunari dagokionez. Tabernetan normalean, ez dira adin desberdinetako taldeak nahasten, bakoitza bere aldetik doa. Ardo dastaketan, berriz, giroa desberdina da, eta adin guztietako jendea batzen da.
Bestalde, azpimarratu nahi dugu, ardo-dastaketa euskaraz izan zela, eta euskaraz egin nahi ditugula. Parte hartzaile batek gazteleraz egin nahiko balu, moldatuko litzateke, baina gure apustua euskaraz egitea da.
Ekainean hitzordu berria
Deialdia luzatu dute: "Ekainean Kataluniako ardoen txanda izango da. Mediterraneoko zaporeak ekarriko dizkizuegu, zuzenean, Matxonera. Ekainaren 4an izango da, 20:00tan hasita. Izen emateko azken eguna maiatzaren 29a izango da. Gorde lekua Matxon bertan edo 697 807 182 telefono zenbakira mezua bidaliz. Adi! Leku mugatuak ditugu eta lehenengo saioan denak agortu ziren. Mugi, eta gorde zure kopa lehenbailehen!"
