Astigarragan, abesteko zaletasuna zuten hainbat herritarrek sortu zuten Aiztondo Abesbatza. Euskal kanta herrikoiak izan dituzte oinarri geroztik, eta Udalarekin, txistulari eta dantzari taldearekin, Musika Eskolarekin eta Astigarragako beste elkarteekin elkarlanean jardun izan du, bai herriko jaietan zein hainbat emanaldietan. Tartean, Santa Zezilia, Santa Ageda etab.
Abesbatzak beti eduki ditu ipar bi helburu: Euskal Herriko kanta ezagunak, beste herrialdeetako folklorea, aro guztietako kantak, etab. ezagutaraztea batetik, eta bestetik,herri bizitza sustatzea.
Igor Arroyo, zuzendaria
30 ahotsek osatzen dute abesbatza gaur egun, Igor Arroyok (Donostia, 1971) zuzenduta.
Arroyok Donostiako Musika Kontserbatorioan solfeo, koru, armonia eta piano ikasketak egin ondoren, Musikenen Koru Zuzendari ikasketa egin zituen.
Musika-heziketa hasi zuenetik hainbat abesbatzatan aritu da, hala nola, Donostiako Kontserbatorioko Abesbatzan, Mariaren Bihotza Abesbatzan, Santa Cecilia Abesbatzan, Landarbaso Abesbatzan, Ametsa Abesbatzan, Easo Abesbatzan, Sasibil Abesbatzan, eta Galiziako Orkestra Sinfonikoaren Abesbatzan, besteak beste. Bestalde, Donostiako Ad Libitum Abesbatza sortu eta zuzendu zuen beste batzuekin batera.
Gaur egun, Aiztondo Abesbatzaz gain Gipuzkoako hiru abesbatza zuzentzen ditu: Orioko Salatxo Abesbatza, Hernaniko Kantuz Abesbatza, eta, Donostiako Kantakidetza Abesbatza.
Gladysheva eta Gezala, maila handiko musikariak
Aleksandra Gladysheva sopranoa errusiarra oso gaztetatik hasi zituen musika ikasketak; 2018an GITISen (Moskuko Antzerki Arteen Akademia) graduatu zen, eta 2022an master ikasketak amaitu zituen Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC), Mireia Pintó mezzosopranoarekin. Ikasle zela, Moskuko zein Bartzelonako hainbat operatan rol nagusiak interpretatzeko aukera izan zuen. Hainbat lehiaketatan saritua izan da, besteak beste, Germans Pla Ciutat de Balaguer lehiaketan (2021) eta Grand Art Competition-en (2022).
Iñaki Gezala piano-jole hondarribiarrak, berriz, bere jaioterriko Musika Eskolan eta Irungo Udal Kontserbatorioan egin zituen piano ikasketak, harik eta 2018an piano ikasketa profesionalak kalifikazioarik handienarekin amaitu zituen.
Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC) onartua izan zen; bertan graduatu eta master ikasketak egin zituen. Bestalde, euskal piano errepertorioa ikertzeko zuen interesak Valentín Larrea Iturbe (1876-1970) konpositore eta pianista aztertzea ekarri zion, Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean Musika Ikerketako Masterra (2025) eginez. Pianista gisa egin duen ibilbide sendoan hainbat sari eskuratu ditu; aipatzekoak dira Donostiako Nazioarteko Piano Lehiaketako lehen saria (2009) eta bigarren saria (2020), Isaac Albeniz Jaialdiko lehen saria (2021) eta Eurasia Piano Forum 2021 lehiaketako saria.


