"Parte-hartzeari dagokionez, gorakada handia egon da olinpiadetan"

Lide Ruiz Telleria 2026ko maiatzaren 28a

Gazte Kuadrillen elkarteko kideentzat eta euren belaunaldikideentzat, bereziki, herritik atera gabe jai-giroan murgiltzeko aukera aproposa dira Gazte Festak.

Gainean ditugu Gazte Festak, zein aldarte edo ilusiorekin zaudete?

Unai Iraola Uribarrena. Uste dut herritarrak oso gogotsu daudela. Batez ere, aintzat hartuta iazko Sanmielak ez zirela ospatu. Jendeak gogoa du herri-giroa eta parranda pixka bat egiteko, kontzertuak ikusteko…

Maialen Kortajarena Garcia. Bai, hori da. Gainera, uda laster dator, eta guretzat udari hasiera emateko jaiak dira.

Zer moduzko ikasturtea izaten ari da antolakuntza eta lan aldetik?

M.K.G. Beste urteetan baino laguntza gehiago edukitzen ari gara, baina, hala ere, gonbita zabaldu nahi diet gazteei bileretara etortzeko eta antolakuntzaren parte izateko.

U.I.U. Bai, aurten nahiko ondo ibili gara. Baina, Maialenek esan duen bezala, jende berria ongietorria da, gazteak eta helduagoak direnak ere. Bestalde, orokorrean, aurtengo ikasturtean ondo joan dela esango nuke.

M.K.G. Bai, garaiz joan gara dena antolatzen.

Gazte festei begira, egitaraua dagoeneko lotu duzue, lan handi izan da egitaraua lotzea?

U.I.U. Urtero eskema antzekoa jarraitzen dugu. Ostegunean pintxo lehiaketarekin hasten gara, eta ostiralean hasiko litzateke egitarau mamitsua. Lehenengo, olinpiaden finala egingo dugu, gero afari tematikoa, eta azkenik, kontzertuak eta dj-ak egongo dira. Larunbatari dagokionez, beti bezala, herri bazkaria egingo dugu, horren ostean, txaranga eta dj-ak egongo dira. Azken urteotako ildoari eutsi diogu.

Pintxo lehiaketaren inguruan xehetasun gehiago emanago dituzue? Zein tabernak hartuko dute parte? Nola erabakiko da irabazlea?

M.K.G. Irabazlea parte hartzaileen bozken bidez hautatuko da. Tabernen kasuan, Denda Berritik hasiko gara, ondoren, Kantoi eta Frontoi tabernen txanda izango da, eta azkenik, Riojanosen amaituko dugu. 4 dira, guztira, parte-hartzaileak.

U.I.U. Bai irabazlea hautatzeko, banaka banaka joaten gara parte hartzaileei haien iritziaren inguruan galdetzera, eta Maialenek aipatu duen moduan, bozka gehien dituenak irabazten du. Irabazleak, urtero garaikur bat jasotzen du.

M.K.G. Orain arte Kantoik irabazi du, ea aurten zer gertatzen den.

Olinpiaden ze balorazio egiten duzue?

U.I.U. Oso ona, egia esan. Parte hartzeari dagokionez, gorakada handi bat egon da. Adin tarte desberdinetako jendea animatu da eta, aurten, guztira, hamasei kuadrilla aritu dira. Guztira sei ostiraletan egin ditugu olinpiadak.

M.K.G. Bai, giro sanoa sortzen da. Ikusiko da finala ea zeinek irabazten duen, nahiko lehiatua egongo da. Hurrengo urteari begira, olinpiadei eutsioko diogulakoan gaude.

Larunbateko bazkarirako zenbat jende espero duzue?

M.K.G. 250 tiket jarri genituen salgai, eta 200 pertsona inguru etortzea espero da.

Zer dira Gazte Festak zuentzat eta herriarentzat?

U.I.U. Sanmielak direla herriko festa garrantzitsuenak, baina gazte festak beti gogoarekin hartzen ditugula; ikasturtea amaitzen delako, udari hasiera ematen diogulako, eguraldi onarekin ospatzen ditugulako… Giro ona sortzen da.

Gazte Festen atarian ze mezu zabaldu nahiko zenukete?

U.I.U. Festetan ondo pasatzea, eta urtero bezala, Poxta Zaharren sartzeko gonbita zabaltzea. Urtero saiatzen gara jende gaztea erakartzen, izan ere, adin tartea igo egin da, eta gazteenak animatu nahi ditugu antolakuntzara hurbiltzeko.

M.K.G. Hori da. Antolatutako ekintzetan jendeak parte hartzea eta denon artean ondo pasatzea, adina kontuan hartu gabe eta jende berria ezagutzeko irekita egonik.

Sanmielei begira, talde eragilea animatuta dago?

M.K.G. Bai. Txozna batzordean gauden eragileak urtero berdinak izaten gara, eta hor ere, nahi duenak parte hartu dezake. Sanmielak antolatzen hasi gara, izan ere, uda segituan dator, eta udan antolaketa lanetan murgiltzea zailagoa izaten da.

U.I.U. Iaz, festak egon ez zirenez, aurten denok dena emango dugula uste dut, eta antolakuntzan lan hobea egingo dugu. Dagoeneko azpi taldeak egin ditugu antolakuntza hori ondo bideratzeko, eta azken momentuan korrika ez ibiltzeko. Oso gogotsu gaude denak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!