Eskolako Agenda 2030 ekimenari lotuta, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteek kultura-aniztasunaren gaia jorratu dute azken bi ikasturteetan. Aditzera eman dutenez, Egapeko Lehen Hezkuntzako ikastetxean, 16 herrialdetan jatorria duten familiak daude, eta 11 hizkuntza hitz egiten dira. Herriko kultura-aniztasun hori islatzeko horma-irudi bat egitea adostu zuten ikasleek, eta ekimena martxan jartzeko, Carlos Ramirez muralista eta guraso urnietarraren laguntza izan dute. Haren ekarpena funtsezkoa izan da, hormaren aukeraketan, diseinuan eta margoketan.