Herriko antzezlariekin grabatu berri duen 21 minutuko ipuina aurkeztu zuen Saroben, hain zuzen.
Estreinaldian izan ziren aipatu grabaketan parte hartu duten Mikel Agirregomezkorta zuzendari artistikoa eta antzezle gehienak. Argazkian, Jauregi eta Agirregomezkortarekin batera ageri dira, honakoak: Koldo Tapia (Laxaro), Juan Karlos Erasun (Domingo), Esther Modia (Simona erizaina), Xabier Odriozola (Solferio), Koro Berasategi (Sol Ikurra), eta Jokin Jimenez (errealizazioa eta postproduzioa). Pili Brandariz (Fatali) eta Joxe Mari Berasategi (Mikel Minali) aktoreak falta dira argazkian, ezinezkoa izan baitzuten gerturatzea ekitaldira.
Sarobeko aurkezpen ekitaldian, Samba badago taldeko Susi Elosegirekin (gitarra akustikoa), Hanni Insaustirekin (ahotsa), eta zenbait ikasle txikiekin batera kanta-saioa egin zuen Jauregik.
Ipuinaren sorkuntzarako arrazoiak
Ondoren, “Pentagrama enea” sorkuntza pedagogikoa egitera bultzatu zuen arrazoia zein izan zen azaldu zuen Jauregik Sarobeko aurkezpenean. “Nire kezka baten ondorioa izan zen. Izan ere, orain 30 urte, txistularia nintzen eta ez nekien partitura bat irakurtzen, dena memorizatu egiten nuen. Inguruan ikusten nuen jende asko, solfeoa gorrotagarri egiten zitzaiona, eta kezkatuta nengoen; nire artean, nola erakutsiko diet ikasleei gogokoa ez den hori?”.
Era horretan, musika notazioa lantzeko sistema propioa sortu zuen. Solferino pertsonajea protagonista zuen ipuina asmatu zuen lehenbizi, ikasle txikiak samurki bideratzeko musika ikasketarako. Nolanahi ere, hastapeneko ipuin hura oinarri izanda, ikasleek ipuinak nola jarraitzen zuen eskatzen zioten, eta presio horren pean sortu omen zuen “Pentagrama enea” ipuina, aitortu zuenez.
Jauregik bere garaian abian jarritako egitasmoaren haritik, 2015ean, Urnietako Antzerki Tailerreko aktoreek “Pentagrama Enea” ipuina taularatu zuten, Aizpea Goenaga eginiko egokitzapenean oinarrituta.
Geroztik, liburu bat ere argitaratu zuen, musikaren irakurketa prozesuarekin hasteko sekuentzia didaktikoa dena. “Sortuz ikasbatuaz”ekin eta Karmele Mujika eta Begoña Lamyren laguntzarekin izan zen hori.
"Pentagrama enea" zabaltzen segitzeko gogoa
"Pentagrama enea" gaur egun ikastetxe askoan erabiltzen dela adierazi zuen Jauregik Saroben. Eta gehitu zuenez, orain Urnietako antzezleekin grabatu berri duten bideoarekin egitasmoa zabaltzen segitzeko ilusioa dauka. "Datorren urtean, jada jubilatuta, estatuko irakasleen kongresu batera joateko asmoa daukat".
Jauregiren eskutik azalpen horiek entzun ostean, 21 minutuko ipuinaren grabaketa ikus ahal izan zuten Sarobera hurbildu ziren herritarrek.
Hona, ikus-entzunezkoa osorik: