Entseguetatik, zuzenekoetara

Aiurri 2026ko ekainaren 11

Urnietako Adarramendi abesbatzak emanaldi-sorta du aurretik: ostegun honetan Urnietako elizan ariko da, iluntzeko 20:00tan hasita. Eta, hilaren 17an, berriz, Donostiako Kursaalean berriro igoko dira oholtzara.

Hasiberrien ilusioarekin izango dira kide asko, egun hauetako entseguetan. Izan ere, Adarramendi abesbatza berriak urratsa emango du datozen egunotan: oholtzara igoko da jendaurrean kantatzeko xedez. Lehen emanaldia ostegunean izango da, Urnietako elizan, iluntzeko 20:00tan hasita. Emakumezkoen Easo abesbatza eta Sinfonietta taldeak ere iragarrita daude emanaldi berean. Egun gutxira iritsiko da bigarren emanaldia, Donostiako Kursaal aretoan. Hiriburuan egingo duten horretan abesbatza gehiagorekin batera ariko dira kantuan.

2026an martxan jarri da abesbatza

Urnietako abesbatzak lehen urratsak eman ditu hilabeteotan.  2026ko urtarrilean egin zuten deialdia, bertako kide izateko gonbitea luzatuz. Geroztik lagun ugarik bat egin du abesbatzarekin eta talde polita osatu dute.Lehen pausu horiek ematerakoan, ezinbestekoa izan da Easo Abesbatzaren laguntza. Kantu koralean erreferentzietakoa da Euskal Herrian, eta haien begiradapean abiatu da Urnietakoa.

Adarramendi Abesbatzako partaideak Josu Elberdin Badiola (Pasaia, 1976) konpositore eta zuzendariaren gidaritzapean ari dira lanean. Eskarmentu handiko zuzendaria du Adarramendik: Elberdinek Musika ikasketak Pasaia Musikal Erdi Mailako Kontserbatorioan egin zituen eta bertan Piano eta Kantu irakasle titulua lortu zuen. 2000tik Pasaiako Udal Musika Eskolako irakaslea da eta 1991tik Trintxerpeko Karmengo Andre Mariaren parrokiako organista da. Han eta hemen haur eta helduen abesbatza-zuzendaritzako mintegiak eta ikastaroak ematen ditu.

Urnietarrek, beraz, herriko abesbatza zuzenean ikusteko aukera dute. Ostegun honetan, herriko elizan, 20:00tan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!