"Gazteak batzen garenean, oso giro ona sortzen da"

Lide Ruiz Telleria 2026ko ekainaren 19a

Poxta Zahar Urnietako gazte kuadrillen elkarteak ez ohiko jarduera antolatu zuen larunbatean: Gazta belardian behera bota eta haren atzetik irten ziren gazte prestuak. Giro ederra izan zen Azkorte inguruetan. Gazte Festak igaro berritan, ekimen betean dira

Gazte Festak amaitu berritan ekimen berria aurkeztu zenuten. Gazteak elkartzen jarraitzeko gogo bizi zaudeten seinale da, ezta?

Bai, uste dugu Urnietako gazte guztiak horretarako gogotsu gaudela. Gazteak batzen garenean, Olinpiadetan edo festetan bildu garen bezala, oso giro ona sortzen da. Bestalde, egia da festaren aitzakia behar izaten dugula batzeko. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu, betiko festetatik kanpo, asteburuetan horrelako gauzak antolatzea. Batez ere, gehiago elkartzeko, eta gure arteko harremanak sendotzeko.

Erantzuna, gainera, bikaina izan zen. Jende askok parte hartu zuen. Espero al zenuten? Segida izango al du?

Ez genekien zer espero. Hasieran, bagenekien zein ezagunek parte hartuko zuten, eta gutxi gorabehera aurreikusi genuen nor etor zitekeen. Baina aurreikusitakoa baino jende gehiago etorri zen. Egia da, instagrameko publikazioa jende askok birbidali zuela, eta, ondorioz, ez genekien oso ondo zenbat jende bertaratuko zen.  Partaide kopuruari dagokionez, oso pozik gaude, harrera oso ona izan zuen. Gainera, ez zen lesiorik egon, giro oso ona sortu zen eta barre asko egin genuen. Ikusleen aldetik, harrera ere oso ona izan zen.

Segidari dagokionez, oraintxe bertan, ez dugu erantzun bat emateko ahalmenik, dena ez baitago gure esku. Egia da oso pozik gaudela jendeak izan zuen jarrerarekin, jendeak kontuan izan zuen mendian geundela, eta adibidez, ez zen zabor arrastorik ere geratu bertan. Guk errepikatu nahiko genuke, batez ere, jendeak jarrera hori izaten baldin badu. Baina, azpimarratu nahi genuke ez dagoela gure esku bakarrik. Hortaz, aukera badugu errepikatuko da, eta bestela, beste ekintzaren bat jarriko dugu martxan.

Gainera telebistan atera zarete eta sekulako oihartzuna hartu du ekimenak. Gaindituta sentitzen zarete?

Bai, egia esan ez genuen espero telebistan ateratzea. Herriari zuzendutako ekintza bat izan zen, eta harritu zigun guk antolatutako txikikeria telebistan azaltzea. Oro har, oso balorazio positiboa egiten dugu.

Pozgarria da Urnietatik harago oihartzuna izatea.

Bai, pozgarria da kanpoko jendeak Urnietan antolatzen ditugun gauzak ikustea, beste herrientzat ere interesgarria izan daiteke. Gainera, Euskal Herrian dagoen gazte kulturarentzat positiboa izan daiteke, erreferentzia gisa hartzeko. Hala ere, nabarmendu nahi dugu herriari zuzendua antolatu dugula; lehentasuna herriko jendeari ematen diogu. Funtsean, herria piztu nahi dugulako, eta herrian gauza desberdinak egotea nahi dugulako. Hortaz, azpimarratu nahi dugu herriarentzat egina dagoela.

Nondik nora atera zen ideia?

Berez ez da ezer berria, askotan ikusi ditugu Cheese Rollingeko bideoak. Pare bat kuadrilla elkartu ginen, eta aurretik ikusitako bideo horiei lotuta, martxan jartzea erabaki genuen. Tokia aurkitzea izan zen zailena, hori erabakita, antolatzen hasi ginen eta aurrera eraman genuen.

Sanmielei begira indar berezia hartu duzue?

Bai, herrian giroa pizten lagundu du Sanmielak indar gehiagorekin hartzeko.

Dagoeneko lanean zaudete uda osteko Sanmielei begira? Zerbait aurreratzerik bai?

Hori Txozna Batzordeak antolatzen du, eta bertan Poxta Zaharreko kide batzuk ari dira. Baditugu gauza batzuk buruaneta garaia iristen denean antolatutako ekintzen berri emango dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!