“Urnietako jendea ezagutzeko lagungarri egiten ari zait Adarramendi; urnietar sentiarazten dit"

Xabier Lasa 2026ko ekainaren 20a

Olatz Oñati, Laura Sotillo eta Arantza Miguez Adarramendi abesbatzako kideak.

Harrera ezin beroagoa egin zioten urnietarrek herritarrekin sortu berri den Adarramendi Abesbatzari, joan den astean. Estreinaldi dotorea egin zuen abesbatzak Josu Elberdin Badiola konpositore eta zuzendari pasaiarraren gidaritzapean

Poza agertu zuen Elberdin zuzendariak, estreinaldiaren ostean. “Oso pozgarria izan da! Harro nago taldeko abeslariek erakutsi duten jarreragatik. Egin kontu orain hilabete batzuk zerotik hasi ginela, eta batzuentzat lehengoa aldia izan dela jendaurrean abestea. Urnietako emanaldirako zazpi abesti landu ditugu, eta haiz eta astean ordu eta laurden baino ez eduki prestaketarako, jarrera ezin emankorragoa erakutsi dute denek ere”. Ilusioa jartzeko, eta batik bat, buruarekin abesteko mezua zabaldu izan diela abesbatzako kideei, aitortu zuen Elberdinek. “Ondoko lagunei entzutea eskatu diet, elkarrekin bidea egiteko. Izan ere, askotan, abesbatza batean, garrantzitsuena ez da abestea, entzutea baizik.

Kontzertuan barrena, abesbatzako kideak gozatzen ikusi zituen, eta detaile hori ere azpimarratu nahi izan zuen Elberdinek. “Urnietako publikoari esker oneko agurra abestuz ekin genion kontzertuari, eta iruditzen zait hortik aurrera poztasunez eta hunkimen ukitu puntu batekin aritu direla; betiere, zuzeneko emanaldietan behar izaten den tentsio puntu hori galdu gabe. Beren begietan, aurpegietan... horixe nabaritu dut”.

Aurrera begira

Adarramendi Abesbatzak ekainaren 17an, ostegunarekin, bigarren hitzordua dauka jarrita Kursaalen, Adimen Hariak egitasmoarekin bat eginda. Bana hortik aurrera, taldeak eraman beharreko pausoak dauzka gogoan Elberdinek. “Zabaltzen joango gara jorratu beharreko kantutegia, baina batik bat, filosofia jakin bat transmititzen segi nahi nuke: alegia, abesbatzaren lehenbiziko helburua ez dela abestea, hori bidea dela; oinarrizkoena, taldean gustura sentitzea dela, entseguetara gogoz joatea, errespetuzko eta laguntasunezko giroa sustatzea, nork bere sentimenduak abestuz erakutsi ahal izatea...”.

Urnietako musika zaleei honako mezua helarazi nahi izan zien azkenik: “Saiatuko gara aurrerantzean ere, edozein jai edo ospakizunetarako emanaldiak prestatzen. Elkar ikusiko gara!”.

Arantza Miguez, Olatz Oñati, Laura Sotillo Adarramendi abesbatzako hiru abeslari dira

Abeslariak ere, pozez txoratzen

Arantza Miguez, Olatz Oñati, Laura Sotillo Adarramendi abesbatzako hiru abeslari dira. Normala den urduritasunaren gainetik ilusioz gainezka topatu genituen San Juan plazan, kontzertuari ekin aurretik. Miguezek hartu zuen hitza, lehenbizikoz: “gaztetan ibilia nintzen kantuan, eta beti eduki izan dut buruan okasioa etortzen zitzaidanean berrekingo niola. Abesbatza osatu zenean, baina handik gutxira hasi nintzen. Zoragarria da entseguetan bizitzen dugun giroa, zuzendariari esku eta umore onari esker! Asko ari gara ikasten kantuan!”.

Egape ikastolan irakasle ari den donostiarra da Olatz Oñati, abesbatzan parte hartzeak, kanturako zaletasuna garatzeaz gain, onura gehiago ekarri dizkiola aitortu zuen. “Urnietako jendea ezagutzeko lagungarri egiten ari zait, eta urnietar sentiarazten dit. Txikitan, musikagintzan, pianoa-eta ikusi nuen. Baina dena utzita neukan. Adarramendik denetariko ibilbidea daukagunok bildu gaitu, taldean abestu izan dugunok, inoiz egin ez dutenak..., eta Arantza aipatu duen eran, zuzendariak badauka trebezia gutariko bakoitzari barruan daukagun guztia ateratzeko. Alde horretatik, gozamen hutsa dira entseguak”.

Ostegunean Adimen Hariak egitasmoak Kursaalean antolatu duen kontzertua hartu zuen gogoan OÒatik; kultur ekintza baten eskutik giza harremanak sustatzea duena helburu, alegia. “Filosofia horrekin bat egiten du gure abesbatzak”.

Laura Sotillo kantu-kideak ere bat egin zuen identifikazio horrekin. Urnietan bizi den Leongoa da bera. “Modu polita gertatzen ari zait herrian integratzeko, bertako herritarrak gehiago ezagutzeko eta euskarara gerturatzeko. Euskaraz abesten ditugun abestien hitzak ez ditut ulertzen, baina ondoan edukitzen ditut talde-kideak, berehalako itzulpenak egiteko. Zuzendariak errietatxoren bat egin izan digu, isiltzeko aginduz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!