"Hasiberriei dago, bereziki, zuzenduta"

Lide Ruiz Telleria 2026ko ekainaren 22a

Antzerkia eta arte eszeniko gehiagori zabalik dagoen lehiaketa antolatu dute Urnietan. Hein batean, antzerkizaletasuna sustatzea da helburua. Mikel Agirregomezkorta Formatu Txikiko Arte Eszenikoen lehiaketako arduraduna da.

Zertan datza, zehazki, Formatu Txikiko Arte Eszenikoen lehiaketa?

Duela urte asko Adunan, antzeko lehiaketak antolatzen zituzten, eta horrez gain, ikastaroak eta zirkua martxan jarri zituzten. Antzeko lehiaketak antolatzen hasi ziren, eta urte batzuk igaro zirenean, lekukoa Urretxuko antzerki talde batek hartu zituen. Haiek “Microteatros” izena jarri zieten. Garrantzitsua iruditu zitzaidan lekukoa hartzea, eta Urnietara ekartzea. Gure kasuan, “Microteatros” izena aldatu eta Formatu Txikiko Arte Eszenikoen Lehiaketa deitu diogu, horren barruan beste diziplina batzuk sartzen direlako; zirkua, dantza, performance, antzerki-dantza… Ahalik eta jende gehienak parte hartzeko zabaldu dugu. Iraupenari dagokionez, piezek gehienez 15 minutu iraun dezakete, eta gainerako xehetasunak deialdiaren estekan azaltzen dira. Urnietako Udalari ere eskerrak eman nahi nizkioke, eskainitako laguntzagatik.

Nire kasuan, herrian nik eraman dut antzerki tailerra. Duela bi urte Udalak bertan behera uztea erabaki zuen parte hartzea baxua baitzen. Bestalde, badut beste elkarte bat, Zurriburri Antzerki eta Kultur Elkartea eta horren bitartez klaseak ematen jarraitzen dut. Aurreko Antzerki tailerrean aritutako ikasle ohi batzuk nirekin jarraitu dute, eta iaz, adibidez, ikasturte amaierako antzezpen bat egin genuen, eta aurten ere egin behar dugu. Horrez gain, uztailaren 11n ere, emanaldi bat egingo dugu, "Terror y miseria en el primer franquismo" izenekoa eta Jose Sanchis Sinisterrak idatzitakoa.

Nondik nora bururatu zitzaizuen ideia hori?

Aurretik aipatu dudan moduan, ideia Adunako eta Urretxuko esperientzien harira bururatu zitzaidan. Era berean, harremanetan egon naiz Adunako antzerki tailerrean aritutako antolatzaile urnietar batekin. Nire kasuan, Adunako lehiaketan antzezle, epaimahaikide eta aurkezle gisa parte hartu nuen.  Urretxun ere Antzerki Tailerrekoak aurkeztu ginen. Sailkapenari dagokionez, bi talde sailkatzen dira: bat epaimahaiaren botoen bidez, eta bestea publikoaren botoen bidez.

Nori dago zuzenduta?

Hasiberriei dago, bereziki, zuzenduta. Urnietan antzerki emanaldiak antolatzen direnean, antzerki konpainiaren arabera Sarobe bete egiten da, eta beste batzuetan, ez hainbeste. Ezagunak direnean, jende asko joaten da. Testuinguru horretan, guk antzerkizaletasuna bultzada eman nahi diogu, eta aukera luzatuko diegu hain ezagunak ez diren taldeei.

Nola parte hartu daiteke antolatu duzuen lehiaketan?

Izena emateko fitxa bat sortu dugu: parte hartu nahi duen taldeak fitxa hori bete beharko du, eta guri bidali. Horren bidez, parte hartu dezakete. Kultur etxeei ere bidali diegu esteka, ahalik eta gehien zabaltzeko.

Nolakoa izango da lehiaketaren formatua?

Ereduari dagokionez, aurkezle bakarra edo gehienez bi izaten dira, eta haiek dira taldeak aurkezteko arduradunak. Horrez gain, giro ona sortzeko, animatzaile gisa ere aritzen dira. Iraupenari dagokionez, lau aste iraungo ditu, lehenengo hiruetan sailkapenak eta laugarrenean finala. Sailkapenak kultur etxean izango dira, eta finala Saroben. Teorikoki, sailkapenean sei taldek parte hartuko lukete, eta sei talde horietatik bi sailkatuko lirateke. Jende gehiagok izena ematen badu, beste aukeraketa bat egingo dugu.

Banaka aurkezteko lehiaketa dirudi, baina ez du zertan horrela izan behar, ezta?

Banaka, binaka edo taldeka aurkeztu daitezke. Iraupena da baldintza bakarra, ezin baitute 15 minutuko iraupena gainditu.

Zergatik arte eszenikoak eta ez antzerkia? Aldaera ezberdinetara irekita dago?

Horrela egitea pentsatu dugu taldeek aurkezteko aukera gehiago izateko.

Urte luzez antzerki tailerra izan da Urnietan. Faltan botatzen duzu taldea ez egotea? Antzerki tailerrak zein oroitzapen utzi du zugan?

Bai, niretzat galera handia izan da tailerrik ez izatea. Zehazki, 2009an sortu zen, herritarren artean antolatutako antzezlan handi baten harira. Marizulo izena zuen emanaldiak. Edu Muruamendiarazek dantza jarri zuen, Antton Jauregik musika, eta nik zuzendaritza lanak egin nituen. Proiektu hartatik abiatu zen gero antzerki tailerra. Hain zuzen ere, duela bi urte arte tailerrarekin ibili gara eta oso proiektu interesgarriak egin ditugu, horregatik, bat-batean desagertzea niretzat eta herriarentzat galera handia izan da. Hori dela eta, lehiaketa honen bitartez antzerkizaletasuna sustatu nahi dugu. Egia da azken urteetan izen emateak behera egin zutela, belaunaldien arteko haustura modukoa eman baitzen, baina, urte batetik bestera tailerra bertan behera uztea galera handia izan zen. Hala ere, guk jarraitzea erabaki dugu. Maila pertsonalean pozik nago, aurten hiru pertsona gehiago batu direlako, guztira zazpi gara.Niretzako galera handiena herriarentzat izan da, kontuan hartuta, Urnietak baduela tradizioa antzerkigintzan.

Lehiaketak segida izatea litzateke onena?

Bai. Udalarekin hitz egin nuen, aurtengo edizioak izango duen oihartzunaren arabera erabakiko dugula, baina asmoa jarraitzea da. Ondo ateratzen baldin bada, proiektuari jarraipena emango diogu.

📣🎭✨🔥
🌟 Urnietako 1. Formatu Txikiko Arte Eszenikoen Lehiaketa 🌟
👉 Ikusi eta parte hartu: https://zurriburri.netlify.app

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!