Une honetan begirale ohiak direla esan daiteke. Eta eurek adierazitakoaren arabera, kolokan legoke aisialdi taldearen etorkizuna: “Ikasturte amaierako ebaluazio bileraren ondoren, Inspektoriak –lurraldeko salesiar agintaritza gorena, Madrilen egoitza duena– Bosko Anitzen egungo ekintzen uzteari buruz hartutako erabakiaren berri izan genuen. Azpimarratu nahi dugu hau aldebakarreko erabakia dela, prozesuan parte hartu gabe edo aurretiko kontsultarik egin gabe jakinarazi digutena”.
Eten bat egon dela dirudi, begiraleen salaketari erreparatuta: “Erabaki hau jakinarazi zigutenetik, blokeatu egin gaituzte, aurretiko abisurik gabe, orain arte erabiltzen genituen posta elektroniko kontuetako eta sare sozialetako sarbideetan”.
Jarraian eurek egindakoa balioan jarri dute: “Begirale gisa, gure denbora, ahalegina eta ilusioa boluntario gisa eskaini dugu, proiektu honen hezkuntza eta giza balioaz konbentzituta, beti Bosko Anitz izan behar zuela ulertzen genuen horretan oinarrituta: guztiontzako leku atsegina eta irekia. Urte hauetan eraiki dugun guztia familien konfiantzari, taldeko kide izan direnen konpromisoari eta herri osoaren maitasunari esker izan da posible. Egoera honek tristura eta ziurgabetasuna sortzen digun arren, Bosko Anitzen balioan eta ordezkatzen duen guztian sinesten jarraitzen dugu. Beraz, proiektu hau defendatzeko lanean jarraituko dugu eta, ahal den neurrian, gauzak hainbeste urtetan zehar ezagutu eta elkarrekin eraiki ditugun modura itzul daitezen”.
Salestarren ikuspegia jaso du Aiurri astekariak
Aiurri astekaria Salestarrekin jarri da harremanetan eta bozeramaile batek euren ikuspegia azaldu du. Nork nori zer agindu, botere-harreman gatazka baten aurrean gaudela esan daiteke. Hori ondoriozta daiteke bozeramailearen adierazpenei entzunda. Galdera bat botatzen du airera: “Nork erabakitzen du zein den Bosko Anitz aisialdi taldearen identitatea? Begiraleen esku uztea ez da bidezkoa eta, gainera, arriskutsua izan daiteke”.
Aisialdi-taldearen lanarekin pozik eta eskertuta daude, baina faltan bota dute ikuspegi elizkoian sakontzea. Eta helburu hori bermatuko ez dela ikusita, krisia sortu dela dirudi: “Salesiar ikastetxetik abiatzen diren jarduerek bi izaera dituzte. Lehena, gizarte mailakoa. Bigarrena, eliza mailakoa. Ikasturte berrirako Bosko Anitzeko eragileei salesiar kutsua indartzeko desioa agertu diegu. Hainbat kasu daude, beste udalerritan, norabide horretan doazenak eta Urnietan ere horretan sakontzea eskatu diegu begiraleei. Haiekin hizketan jardun dugunean jabetu gara ez dagoela euren buruan salesiar ideietan sakontzeko borondaterik. Eta penaz diogu hori, oso eskertuta gaudelako denbora luzean ondo aritu direlako lanean. Erabaki hau ez da Urnietan bakarrik hartzen, Inspektoriarekin batera eman ditugu urrats hauek. Desio dugun horrekin bat egingo duten boluntarioak nahi ditugu aisialdiko dinamikarekin jarraitzeko”. Gaurkoz ez dirudi horrela denik eta airean dago ikasturte hasiera. Etorkizuna, nolanahi ere, aisialdi taldea martxan dela irudikatzen dute: “Eskertzekoa da begiraleek egin duten lana, Urnietako gazteei erakutsi dien maitasuna. Eskertuta gaude eta begirale horiek Bosko Anitzen jarraitzea nahiko genuke. Salesiar kutsuko ekimen gehiagotan murgildu beharko lukete, hori bai, eta begirale batzuk prestutasuna agertu dute baina beste batzuk ezezkoan tematu dira”.
Txarangaren auzia lehenxeago lehertu zen
Maiatzaren amaierako Gazte Festetan txaranga beste logotipo, izen eta janzkerarekin agertu zen plazara. Zerikusia du auzi honekin? Salesiar ikastetxeko bozeramailearen erantzuna, jarraian: “Gertaerekin badu harremana, baina beste momentu batean gertatu da bereizketa. Ez ohiko gertaera bizitzen ari ginen txarangarekin. Bosko Anitzen jaio zen eta, denborarekin, txarangak pisua hartu du baina sorreran zuen helburu hezitzailea bidean galdu da. Ikastetxeko jarduera bat izateari utzi zion eta, epe erdira, txarangak bere izaera propioa izatea aztergai genuen. Baina kudeaketa ekonomikoarekin ezberdintasunak sortu ziren eta horrek aurreratu zuen txarangaren eta Bosko Anitzen arteko bereizketa egin behar izana”.