Urnieta eta Lasarte-Oria lotuko dituen bide berdearen obrak irailean amaitzea aurreikusten da, hortaz, Urnieta eta Andoain arteko zatia izango litzateke lotura osatzeko egiteke geratuko den zati bakarra. Aldundiak onartutako proiektuan bizikleta-sareari jarraipena eman eta eta Donostia eta Iruña arteko ibilbidea itxiko litzateke. Hasiera batean, Urnietako Udalak begi onez ikusi zuen arren, Urnietako EAJ-PNV eta EH Bildu ez daude ados proposatutako trazadurarekin, eta ekainaren 25ean egindako udalbatzarrean jeltzaleek aurkeztutako mozio bat onartu zen Aldundiari proiektua gelditu eta berrikusteko eskatzeko. PSE-EE, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak proposatutako ibilbidearen alde agertu zen eta bere botoa kontrakoa izan zen.
Onartutako mozioan, Urnietako Udalak adierazi du , proposatzen den trazadurak hainbat bidegurutze dituela, eta horiek arrisku handia eragin dezaketela oinezkoentzat zein txirrindularientzat. Izan ere, Aldundiaren proiektuan IATaren biribilgunearen ondoan errepide-pasabide bat jartzea aurreikusten da. Udalaren ustez, irtenbide hori bereziki arriskutsua izan daiteke bizikleta-bide horren erabiltzaileentzat eta GI-3722 errepidetik zirkulatzen duten ibilgailuentzat.