In Memoriam

Ander Elustondo urnietar gaztea zendu da mendi istripuan

Aiurri 2026ko uztailaren 5a

2026ko urtarrilean Urnietako Kiroldegian ateratako argazkian.

Pic du Midi d 'Ossauko jaitsieran erori eta bertan galdu zuen bizitza. Aski ezaguna herrian,  ezbeharra kolpe latza izan da. Ez soilik gertukoentzat, baita herrikide askorentzat. Oso ezaguna baitzen Urnietan. 

Ici.fr hedabideak eman du bart ezbeharraren albistea: “24 urteko pertsona bat hil da larunbat honetan, uztailak 4, Pic du Midi d 'Ossauko jaitsieran, Laruns udalerrian. 14:00ak aldera, jaisten ari zela, beste sei txangozalerekin batera, gazteak irrist egin du eta 20 bat metro egin du behera, berarekin zeuden txangozaleen arabera. Arroketan lurreratu zen”. Orduak aurrera egin ahala, albistea azkar batean iritsi zen Urnietara. 

Unax Jimenez eta Ander Elustondo, Urnietako Kiroldegian, aurten.

Urnieta Artola Harategia eskubaloi taldea izan zen MATXeko urte hasierako protagonista. Aiurrik egindako ekoizpenean parte hartu zuten Eneko Vicentek, Unax Jimenezek eta Ander Elustondok. Atsegin eta irribarretsu agertu zen Elustondo, Urnietako kiroldegian egindako grabaketan. Senior mailako taldearekin, gainera, kopako finalera sailkatu dira aurten.

Senior mailako taldearekin, gainera, kopako finalera sailkatu dirta aurten.

Denboraldiaren amaiera Gazte Festekin bat egin du aurten eta, esaterako, mozorro lehiaketan parte hartu zuen Elustondok. Cayetanoen kuadrillan ikusi genuen, gauari gatza eta piperra jarri zioten janzkerarekin.

Ezbeharra kolpe latza izan da. Ez soilik gertukoentzat, baita udalerri osoarentzat. Oso ezaguna baitzen Urnietan. 

Midi d'Ossau (2.884 m) Pirinioetako mendirik kuttunetakoa da, eta euskal mendizaleentzat aski ezaguna. 

Urnietako Udalaren atsekabea

"Urnieta atsekabetuta dago atzo arratsaldean gertaturiko Ander Elustondo Esteban urnietar gaztearean heriotzaren aurrean.

Ander mendi-ibilaldi bat egiten ari zen Frantziako Pirinio Atlantikoak departamenduan, Pic du Midi d’Ossau menditik bere taldearekin batera jaisten ari zela, istripu larri bat izan zuen.

Urnietako Udalak bere tristura eta atsekabea helarazten die Anderren senide eta lagunei zorigaiztoko gertaera honen aurrean. Aldi berean, babesa eta maitasuna erakutsi nahi dizkie une zail hauetan, eta behar duten laguntza eskaintzen die".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!