Zaharberritzen ari dira Urnietako elizako organoa

Xabier Lasa 2026ko uztailaren 25a

Zaharberritzen ari dira Urnietako San Migel Goiaingerua parrokiako organoa eta gastuei aurre egiteko laguntza eskatu dute. Musika-ondare preziatuari eusteko ezinbestekotzat jo dute herritarrenga jotzea.

Organoa zaharberritzeko kanpainari begira zabaldutako esku-orrian adierazten denez, babesleek 25 euroko ekarpena egin dezakete. Transferentziaren bidez, Kutxabankeko ES48 2095 5068 68 1062373732 kontuan egin daiteke. Era berean, dohaintza aurrez aurre (gutun-azalean) edo bizum bidez egin daiteke, 10905 telefonoaren bidez.

Dohaintza guztiek ziurtagiri bat jasoko dute, errenta-aitorpenean kenkariak aplikatzeko aukera ematen duena (%80ko kenkaria dohaintzan emandako lehen 150 eurotan; %35eko kenkaria gainerako zenbatekoetan).  Biziberritzen ari diren San Migel Goiaingerua parrokiako organoaren gainean mintzatzeko Mikel Ormazabal bertako erretorea eta Ana Belen Garcia organo-jolea bildu ditu Aiurri astekariak.

Mikel Goiaingerua parrokiako organoa zaharberritzen ari dira azken aldian, eta horretarako diru bilketa kanpaina abian jarri dute “Babestu tutu bat 25 euroren truke” leloarekin. Kanpainaren ardura bere gaia hartu duen Mikel Ormazabal erretorea eta Lourdes Iriondo Musika Eskolako zuzendari eta organo-jolea den Ana Belen Garcia Urnietako organoaren balioaz eta bere zaharberritzeaz mintzatu dira Aiurrirekin.

Kulturaren eta historiaren ikuspegitik balio handiko organo horrek zerbitzu paregabea eskaintzen diola herri osoari adierazi dute; nolanahi ere, bere egungo egoera ikusita, ziurtatu dute bideraezin egiten zuela bere erabilera etorkizunean.

Cavaille-Coll organoa

Parisen XIX. mendean tutu-organoak egin zituen Cavaillé-Coll etxekoa da Urnietako organoa. Ana Belen Garciak bere jatorria ikertu du, “badira zenbait agiri eta katalogo artxiboan, baina datu kontraesankorrak ematen dituzte beraien artean. 1864koa dela esan daiteke. Argi dagoena da balio handiko Cavaillé-Coll bat dela”. Gipuzkoan antzeko organoen paradisua dela eta mordoa topa daitezkeela han-hemen, ziurtatu du Garciak.

Izan ere, ederki asko ezagutzen ditu Gipuzkoako elizetako organo gehienak Garciak. Nahiko ohikoa da berarentzat organo-kontzertuak ematea; urrutira gabe, uztailaren 19an, Ataungo organo barrokoaren nazioarteko XIX. jaialdian parte hartuko du; Ines Osinaga (trikitia) eta Garazi Egigurenekin (dantzaria) batera egingo du emanaldia, Ataungo elizan.  Loiolako (Donostia) Iesu elizan, abuztuaren 8an, berriz, Iñaki Etxepare (biolontxeloa) izango du bidelagun, Musika Hamabostaldiaren baitan.

Garciaren esanetan, “XIX. mendeko erromantizismoaren mugimendu artistiko eta ideologikoak jarraitzaile ugari izan zituen Euskal Herriko musikagintza klasikoan, eta horren eraginez daude hainbeste organo erromantikoak gure herrialdean. Tamainari begira, Urnietakoa txikia da, 54 notako eskuzko teklatua eta 13 notako pedalekoa dauzka. Antzekoak daude Alegian, Pasai San Pedron, Altzan...”.

Etorkizunean ezin erabili

Organoaren egoera ikusita (pipiak jotako altzaria, tutu baten falta, teklak egoera penagarrian...) , etorkizunean bere erabilera bideraezina egingo zela argi eduki dute, Mikel Ormazabal adierazi duenez. “adituekin kontsultatu genuen, organo-joleekin eta organoak goitik behera ezagutzen dituzten organeroekin batez ere, zaharberritze prozesuari ekin aurretik, kontuan hartuta zer nolako kultur eta musika ondarearen aurrean gauden”.

Pipiak jotako egurrezko altzaria txukuntzea izan da eman duten lehenbiziko pausoa, organoarekin zaharberritze prozesuari ekin aurretik. “2024ko azaro-abenduan, enpresa profesional batek anoxia izeneko desinfektatze prozesua aplikatu zion, hilabete bateko epean. Organoa burbuila batean sartu, eta nitrogenoa txartatu zioten; era horretan, lortu zuten oxigenoa kentzea eta pipiak akabatzea”.

Lanketa horrek eragin zuen kostu ekonomikoari zein gerora etortzekoa zen zaharberritzearen kostuari aurre egiteko, “Babestu tutua bat 25 euroen truke” kanpaina abian jarri zuen parrokiak 2025ean. “Aurrekontu bat baino gehiago eskatu zen, eta berriz ere organoko adituekin kontsultak egin ostean, Alejandro Turanzas organeroaren esku utzi da organoaren zaharberrikuntza”.

80 mila euroko kostua du organoa berritzeko ekinaldi guztiak. Martxa onean doa diru bilketa, Ormazabalen hitzetan. “Oso pozik gaude herritarrak ematen ari diren erantzunarekin, eskertzekoa da benetan jendearen eskuzabaltasuna. Iazko Gabonetan egin genuen saskiaren zozketarekin ere, harrigarria izan zen herritarren parte-hartzea, hamar mila euro bildu baikenituen. Bestalde, Gipuzkoako Aldundiari gure proiektua aurkeztu genion, adituek egindako txosten teknikoa erantsita; egokia ikusi zuten zuen, eta gastu guztiaren erdia bere gain hartzeko konpromisoa eman digu”.

Organo-jole amorratu gisa, Garcia oso pozik agertu da Urnietako Mikel Goiangerua parrokiako organoaren egitasmoa dela eta. “Ekintzailea da Mikel, eta aitortu behar da bere ekimenari esker doala aurrera egitasmoa”. Elizetako organoen egoerarekin jakitun den heinean, txalotzekoa dela jokabidea, gehitu du. “Ekimen eredugarritzat joko nuke Urnietakoa, ikasgarria egoera berean dauden beste parrokientzat”.

Organoaren armonizazioa

Zaharberritze prozesua San Migel jaiak igaro ostean, urria aldera hasiko dela aurreikusita dago, eta urte erdiz luzatuko da.

Mekanika konplexu batek osatzen du organoa, elementu asko mugiarazten dira teklatu bat zapaltzen den bakoitzean. Konponketa partikularra eskatzen dute elementu ugari horiek, eta funtsean, organoak jatorrian eduki zuen soinua berreskuratzea da lortu nahi dena lanketarekin, Ormazabalek eta Garciak ziurtatu dutenez. “Tutuak moldatzeak eragiten du jatorrizko soinua, azken batean. Eta horrekin, armonizazioa lortzen da, organo baten jatorrizko xarma berreskuratzen da, bere nortasuna, bere idiosinkrasia”.

Biziberrituz gero, egitasmoak buruan

Ondo bidean, 2027ko udaberrian bukatutzat emango luke Alejandro Turanzas organeroak bere eginkizuna Urnietako organoarekin. Bere estreinaldia ospakizun berezi batekin egingo dela zirutatu du Ormazabalek. Garcia ere deseatzen dago noiz iritsiko den egun hori organo berritua probatzeko, eta batik bat, 54 notako eskuzko teklatuari eta 13 notako pedalekoari azken urtetan atera ezin izan dizkion soinuak entzuteko eta entzuleei entzun arazteko.

Azken urtetan elizkizunetan normalki organoa jotzen aritzen diren Myriam Ulanga eta Iñigo Ganuza musikariek ere biziki eskertuko dute soinu biziberritze hori.

San Migel Goiangeruaren parrokia herrira zabaltzeko gogoz dabil Ormazabal Urnietara 2023ko irailean etorri zenetik, eta horren erakusgarri dira azken aldian bertan antolatu dituzten abesbatzen eta dantza taldeen emanaldiak. “Egia da parrokia gune espiritual gunea dela, baina kultur-gunea ere izan liteke, zergatik ez?”.

Datorren udaberrirako biziberrituta egongo den organoa ere asmo horren barruan kokatzen du erretoreak. “Egia da ezagutzen ez dena ez dela benetan estimatzen, eta hori gertatzen da parrokiako organoarekin ere, urnietarrek ez dutela aski ezagutzen, ez direla behar bezala jabetzen herrian daukagun aberastasunaz. Organoa herriko kultur altxorra dela senti dezaten lortu behar dugu”.

Alde horretatik, Garciak txalotzen du Ormazabalek etorkizunerako daukan ikuspegia. “Organoa oso moldaerraza da beste edozein instrumentuekin; edonolako formatua duten emanaldiak egin litezke. Pentsa zenbat kontzertu gozagarri antola litezkeen Urnietan dauden musikari bikain askorekin batera!”.

2024ko azaro-abenduan, enpresa profesional batek anoxia izeneko desinfektatze prozesua aplikatu zion organoari, hilabete bateko epean. Organoa burbuila batean sartu, eta nitrogenoa txertatu zioten; era horretan, lortu zuten oxigenoz hustutzea eta pipiak akabatzea. Mikel Goiaingerua parrokia

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!