"Banakako Txapelketan jokatzeko nire eskubidea aldarrikatzen dut"

Artxiboko irudia.

Gaur arratsaldean Oriamendik Banakako Erremonte Txapelketaren aurkezpen ofiziala egingo du. Berezia izango da enpresak antolatzen duen azkena izango baita. Aldiz, hutsune galantarekin abiatuko da: erremontisten artean kanpoan utzi baitute Imanol Ansa urnietarra. Honek adierazpena egin du goizean, gertaeren harira, bere ikuspegia azaltzeko.

Imanol Ansaren adierazpena

"Egun on guztioi, eta eskerrik asko prentsaurreko honetara etortzeagatik.

Azken asteotan gertatutakoa gardentasun osoz azaltzeko, eta nire jarrera adierazteko deitu zaituztet. Nirea ez ezik, erremontista askok partekatzen duten jarrera ere bada. Erremontearentzat bizi naiz, eta Buruz Buruko Txapelketatik kanpo uztea kolpe handia izan da niretzat. Baina minik handiena ez dit erabakiak berak eman, erabakia hartzeko eta kudeatzeko moduak baizik. 

Oriamendi enpresak hilabeteko zigorra jarri zidan: hilabete jokatu gabe eta hilabete entrenatu gabe. Galarretara etortzen hasi nintzenetik lehen aldiz, hilabete bertan sartu gabe. Galarreta Oriamendiren jabetza da, ez dago zer esanik, baina beste askoren etxea ere bada. Nirea behintzat bai. Beraz, hilabete egin dut etxetik kanpo.

Zigorraren ondoren izandako bileretan, zenbait arrazoi eman zitzaizkidan erabaki hori justifikatzeko. Nire ustez, beren burua zuritu besterik ez zuten egin nahi, erabakia hartua zuten eta aldez aurretik: ni txapelketatik kanpo uztea. Saiatu naiz jatorrian egotzi zidaten jarrera hori zuzentzen; hilabeteko zigor bidegabea ere onartu nuen, gauza hor geratuko zelakoan. Azken unera arte egoera bideratzen saiatu naiz, bai ni, baita pilotarien taldea ere, baina argi geratu da enpresak ez zuela benetako borondaterik irtenbide bat bilatzeko. Zigor baten aitzakiarekin, hilabete eta erdiz entrenatu eta lehiatu ezinik eduki naute. Nire ustez, neurrigabeko erabakia izan da, eta urte hauetan guztietan erakutsi dudan lanari, ahaleginari eta konpromisoari errespetu falta handia. Gogorarazi nahi dut, gainera, ustezko zigor hori hilabetekoa zela, eta dagoeneko osorik bete dudala. Jarrera ahalik eta onenarekin bete dut zigorra, une oro hartutako erabakiak errespetatuz, eta, behin zigorra amaituta, normaltasunez lehiara itzuliko nintzelako esperantzan. 

Errealitatea oso bestelakoa izaten ari da. Orain gertatzen ari dena askoz harago doa. Kirol merezimenduz sailkatu nintzen Banakako Txapelketan parte hartzeko, eta eskubidea kentzen ari zaizkit. Nik erremontea ezagutzen dudanetik, Banakako Txapelketan beti errespetatu izan dira aurreko urteko emaitzak. Kantxan lortutako sailkapenak zehazten zuen hurrengo urteko txapelketan parte hartu ala ez.

Iaz lesionatuta jokatu behar izan nuen. Eta hala ere, azken unera arte borrokatu nintzen hirugarren postua lortzeko. Postu horrek aurtengo finalerdietako ligaxkan zuzenean aritzeko eskubidea ematen zidan. Hori ez da inork oparitutako pribilegio bat; kantxan, nire ahaleginarekin eta lortutako emaitzekin irabazitako eskubidea da. Horregatik, bereziki larria iruditzen zait gertatzen ari dena. Ez da enpresa batek txapelketa baterako ez hautatzea erabaki soila. Nire errendimenduarekin irabazitako kirol eskubide bat kentzen ari zaizkit. Are ulertezinagoa da banakakotik kanpo geratu izana, publikoki esan baitzuten ni ez nengoela zigortuta. Zigorrik ez badago, ez dago inolako justifikaziorik kantxan irabazitako eskubidea ukatzeko. Horregatik guztiagatik, Banakako Txapelketan jokatzeko nire eskubidea aldarrikatzen dut. Ez dut inolako mesederik eskatzen. Urte hauetan guztietan aplikatu diren arau berak errespetatzea besterik ez dut eskatzen, baita kantxan irabazi dudana ere. 

Kezkagarriena da hau ez dela kasu isolatu bat. Azken urteotan ikusi dugu erremontearen familia nola zatitzen joan den, eta hainbat pilotari baztertu edo urrundu diren kudeatzeko modu jakin horren ondorioz. 2020. urtetik erremontisten ordezkaria izateko ohorea izan dut. Denbora honetan egin ditugun proposamen guztiak eraikitzaileak izan dira. Inoiz ez dugu gatazkarik bilatu; alderantziz, erremontisten egoera hobetzea eta modalitate honen etorkizuna indartzea izan da gure helburua. Enpresaren aldetik ezezkoak bakarrik jaso ditugu eta ez dugu inoiz sentitu gure iritzia kontuan hartua izan denik. Horregatik, eta Oriamendik bere ibilbidea amaitzen duela ikusita, etorkizunarekin kezkatuta, pilotari talde batek lanean hastea erabaki genuen, erakundeekin eta erremontearen inguruko eragileekin batera, 2027tik aurrerako etorkizun sendo bat eraikitzeko. Tamalez, badirudi ekimen hori ez dela gustukoa izan Oriamendirentzat, eta nire inplikazioak albo kalte pertsonalak eta kirol arlokoak ekarri dizkidala.

Gaur ez zaituztet deitu nirekin egiten ari direna salatzeko bakarrik; begirunea, elkarrizketa, tratu-berdintasuna eta erremontearen etorkizuna defendatzera etorri naiz. Helburu bakarra izan dugu beti: erremonte batuago, sendoago eta gardentasun handiagokoa eraikitzea. Erremontea nola bizi dudan badakizue. Azken urteotan nire bizitza pertsonala baldintzatu dut, askotan erremontea ia guztiaren gainetik jarriz, goi mailan lehiatu ahal izateko. Ez hori bakarrik. Kirol honi diodan maitasunagatik eta konpromisoagatik, aukera izan dudan bakoitzean nire alea jartzen saiatu naiz: afizionatuak eta gazteak entrenatzen; erremontearen etorkizunerako informazioa ahalik eta modu objektibo eta zintzoenean biltzen; pilotariren bat gaizki, triste edo galduta ikusten nuenean, laguntzen; saskien garapenean saiatzen, profesional ona izaten eta, batez ere, gazteentzat bidelagun izaten. Eta gaur, enpresari nire jokatzeko modua, jarduna, komeni ez zaiolako, baztertu egin naute. Urte hauetan guztietan egindako lanari gutxieneko errespeturik erakutsi gabe, eta txikitatik izan dudan ametsik handienetako bat zapuztuz. Harrigarria da pertsona bat baztertzeko nolako erraztasun duten, eta, orain arte behintzat, horrek, haientzat, haien irudiarentzat inolako ondoriorik ez eduki izana.

Guk urte luzez egoera askotan ulermenez, begirunez jokatu dugu, beti erremontearen onerako. Niretzat aurtengo denboraldia amaitu da. Baina ez nire konpromisoa erremontearekin. Etorkizunean ere erremontearen parte izan nahi dut, eta erremontearen familia berriro elkartzeko egingo den bide horretan ondoan izango nauzue.

Amaitzeko, hausnarketa bat: niri txapelketa bat kenduko didate, lehiatzeko aukera ere bai, baina ez dute lortuko erremontetik urruntzerik. Gure espezialitate eder honen etorkizunaren alde buru-belarri  jarraituko dut, baita pilotarion duintasuna defendatzen ere. 

Eskerrik asko guztioi".

 

Urnietako Udalaren atxikimendua

Urnietako Udalak babesa adierazi dio herriko kirolariari: "Banakako Txapelketatik kanpo uzteak sortu duen egoeraren aurrean, eta inplikatutako alde guztien eskumenak eta erabakiak errespetatuz, Udalak kezka adierazi nahi du, urnietar kirolariari denboraldiko lehiaketarik garrantzitsuenetako batean parte hartzea eragozten dion egoeraren aurrean. Udalaren ustez, kirolak, batez ere, elkargune, errespetu eta kirol-merezimenduaren aitortzarako espazioa izan behar du. Horregatik, aldeek elkarrizketarako eta elkar ulertzeko bideak aurkitzea espero dugu, egoera hau ahalik eta modurik onenean konpondu ahal izateko, erremontearen, zaleen eta kirol honetan diharduten profesional guztien mesedetan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!