Hain zuzen ere, emakumeen parte-hartzea, prestakuntza, eta hausnarketa sustatzeko gunea eraiki nahi izan dute, horrek haien ezagutza eta ongizate pertsonala zein kolektiboa aberasten laguntzen duela baieztatu baitute. Eskolak hamabi jarduera eta hainbat berrikuntza eskainiko ditu ikasturte osoan zehar.
Korrika egiteko taldeari dagokionez, astearteetan elkartzen jarraituko du, Arixen Unanue atletismoko entrenatzailearen eskutik. Ikastaroen kasuan, Beatriz Egizabalek eta Paki Caballerok Klown ikastaroa eskainiko dute, eta indar-entrenamendua egin nahi dutenek Urnietan zerbitzua ematen duen Emai Fisioterapiarekin landu ahalko dute. Horrez gain, Ainhoa Aierdik menopausian oinarritutako nutrizio-ikastaroa eta automozioari buruzko beste ikastaro bat eskainiko ditu.
Bestalde, Emagin eta Elkarrekin Hazi elkarteek, irakurketa-tailerrak eskainiko dituzte. Alde batetik, euskarazko irakurketa feministako taldea osatuko da, eta bestetik, gaztelaniaz munduko emakume idazleen irakurketa-kluba egongo da. Era berean, bestelako tailerrak ere antolatuko dira: Lamyaa Zarrouk urnietarrarekin Marokoko gozoak egiten ikasteko aukera izango da, Habitantes de Insmouth herriko rol klubeko emakumeek, berriz, rol-jokoen munduan murgiltzeko aukera eskainiko dute eta Puy Barral narratzaile eta poeta eszenikoak jendaurrean hitz egiteko teknikak irakatsiko ditu Xoxokako Eskola Zaharrean.
Gainera, Rocio Narbaizak eta Agadelpriese elkarteak lipedemari buruzko mahai-ingurua egingo dute, gaixotasunak emakumeen osasun fisikoan, emozionalean eta sozialean duen eragina azaltzeko. Azkenik, ikasturtea amaitzeko, topaketa egingo da eguneroko erritmoa gelditu, gorputzarekin eta buruarekin konektatu eta emakumeen arteko sareak ehuntzeko.
Izena emateko epea dagoeneko irekita dago, eta hala egongo da ikasturte osoan zehar. Beraz, aurrerantzean edozein unetan izena eman ahal izango da izena Bertan herritarren arretarako bulegoan edo Urnietako Udalaren webgunean.