Urnietako udaltzaingoak zuhurtzia eskatu du "asfaltoaren iruzurraren" aurrean

Urnietako Udaltzaingoak jakinarazi du udalerriko hainbat baserritan “asfaltoaren iruzurra” deritzon iruzurra egiten saiatu direla.

Udalak aditzera eman duenez, iruzur honetan, ezezagunek asfaltatze-lanak ohikoa baino askoz merkeago egiteko eskaintza egiten dute. Horretarako, beste obra batetik materiala soberan geratu zaiela argudiatzen dute, eta material hori ez galtzeko, lanak oso prezio erakargarrian egin ditzaketela baieztatzen dute.

Iruzurgileek kontratazioa unean bertan ixteko presioa egiten dute normalean. Presazko egoera bat sortzen dute, kaltetuek eskaintza egiaztatzeko edo aholkularitza eskatzeko aukera izan ez dezaten. Kasu askotan, egindako lanak oso kalitate txarrekoak izaten dira edo ez datoz bat hasieran adostutakoarekin.

Urnietako Udalak herritarrei dei egiten die atez ate egiten diren horrelako eskaintzen aurrean zuhurtzia handiz jokatzeko. Era berean, herritarrei gomendatu diete ezezagunen zerbitzurik ez kontratatzea haien nortasuna eta erreferentziak aurretik egiaztatu gabe, eta inolako ordainketarik ez egitea aldez aurretik.

Egoera susmagarriren bat antzemanez gero edo horrelako eskaintzaren bat jasotzen bada ere, berehala Urnietako Udaltzaingoarekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzea gomendatzen da. Bestalde, udaltzaingoak prebentzio-kontrolak egingo ditu landa-eremuan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!