"Urnietan ez da euskara asko entzuten, ezta gazteen artean ere"

Lide Ruiz Telleria

Euskararen aldeko gazteen mugimendua zabaltzen ari da Beterri-Buruntzan. Urnietara iritsi da, Hernaniko eta Astigarragako gazteekin lankidetzan. Ainara Isasti eta Naroa Urbizu Urnietako Burrunbako kideak dira.

2022ko udan Hernanin sortu zen Burrunba gazte euskaltzaleen taldea. Aurten, aldiz, sarea Astigarraga eta Urnietara zabaldu duzue. Zer dela eta hartu duzue erabaki hori?

Naroa Urbizu. Bioi Burrunbaren parte izateko proposamena Hernanitik iritsi zitzaigun. Hasiera batean, taldea Hernanin sortu zen, baina, gerora, taldea hiru herrietara zabaltzea erabaki zen, hiruen artean elkarlanean arituta indar handiagoa izango zuela pentsatu zutelako, eta gu horren partea izatea erabaki genuen.

Herri bakoitzak egoera soziolinguistiko desberdina du. Urnietaren kasuan, zein da egiten duzuen diagnostikoa? Zein helburu zehaztu dituzue?

Ainara Isasti. Guk orain mahaigainean ditugun datuak duela bost urtekoak dira, azken neurketa eta azterketa 2021ean egin baitzen. Aurten ikerketa berria egingo dute, baina, momentuz, datu horiek aintzat hartuta finkatu dugu gure lana. Urnietaren kasuan, emaitzek adierazten dute, kale-erabileran azken 20 urteetako daturik okerrenak jaso zirela, eta gazteen artean soilik %13k hitz egiten dela euskaraz. Guk egunerokoan dugun pertzepzioa da Urnietan ez dela euskara asko entzuten, ezta gazteen artean ere. Hori dela eta, ezin dugu baieztatu egoera ona denik. Gure helburu nagusia, hain zuzen ere, gazteengan euskararen aldeko kontzientzia piztea da, eta herrian euskararen presentzia handitzea.

Beterri-Buruntzaren kasuan, zein helburu finkatu dituzue?

N.U. Euskaldunak diren gazteak elkartzea eta antolatzea, eta euskaraz hitz egiteko eta euskaraz gauzak sortzeko espazioak eraikitzea.

A.I. Horrez gain, euskarazko harremanak sortzea, bai beste herrietako jendearekin, bai herri bereko jendearekin.

Harremanetan zaudete euskararen aldeko beste mugimenduekin? Zein sare mota eraiki dituzue?

A.I. Egia da Burrunba udaberrian jarri genuela martxan, horregatik, oraindik ez gara harremanetan jarri beste mugimendu edo elkarterekin. Hala ere, egia da Burrunban dauden batzuk Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak direla. Bestalde, aurrerago herri bakoitzeko eragile euskaltzaleekin edo talde euskaltzaleekin harremanetan jartzeko asmoa dugu, baina, momentuz, ez gara horretan hasi.

Gazteen artean, euskararen alde antolatzeko grina dagoela esango zenuke? Oro har, zenbat gaztek osatzen duzue Burrunba?

N.U. Oraintxe bertan, 40 kide inguru gara. Taldea irekia da, beraz, aurrerago ikusiko da ea jende gehiago ekimenera batzen den ala ez.

Bestalde, euskararen aldeko grinari dagokionez, gure artean badago euskararen alde antolatzeko eta biltzeko grina, baina, orokorrean, ez dugu sumatzen jendearen artean grina handirik dagoenik euskararen alde antolatzeko, ezta oro har, beste gai batzuen inguruan antolatzeko ere.

Euskararen normalizaziorako bidean, zein dira zuen ustez, hartu beharko liratekeen neurriak? Zein eskakizun egiten diezue erakundeei?

A.I. Egia da guk Burrunba ez dugula sortu erakundeekin zuzenean harremanetan jartzeko, hori ez da gure helburua. Guk bilatzen duguna da herritarrengan kontzientzia piztea, eta haiengan eragitea, ez hainbeste erakundeengan, horretarako badaude beste talde edo erakunde batzuk. Burrunbaren helburuak gazteei eta herritarrei zuzenduta daude, ez hainbeste erakundeei.

Zer esango zeniekete euskararen aurkako oldarraldiarekin eta egun hizkuntzak  bizi duen errealitatearekin kezkatuta dauden gazteei?

N.U. Lehen aipatu dudan bezala, Burrunba talde irekia dela esango nieke, eta nahi izanez gero, talde honen parte izateko aukera dutela azpimarratuko nuke. Interesa izango balute antolatzen diren deialdietan parte hartzeko gonbita luzatuko nieke.

Urnietako jaiak, Sanmielak, gainean ditugu. Burrunba presente egongo al da jaietan?

A.I. Bai. Baserritarren asteburuan egun osoko egitaraua antolatu dugu Burrunbako kideek Urnietan. Urriaren 3an izango da, larunbatean, eta hori izango da antolatuko dugun lehen deialdia. Egitaraua hurrengo astean edo bi aste barru zabalduko dugu. Beraz, bai, Burrunba presente egongo da jaietan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!