Aurkeztu zuen burua, zertan datza zuen ekimenak?
Erik Frutos naiz, 32 urteko urnietarra. Urte askoan dantzaren munduan murgilduta egon naiz, Urnietan, ordea, ez dut inoiz espaziorik aurkitu dantzarekiko dudan zaletasuna partekatzeko eta nire burua adierazteko. Bestalde, dantzak kulturaren alorrean gero eta pisu handiagoa du, eta jendea hobeto sentitzeko lagungarria da. Errealitate horretatik abiatuta, Kronia dantza eskola martxan jartzea erabaki genuen, hain zuzen ere, sormena sustatu eta esperientziak partekatzeko.
Guretzat oso garrantzitsua da inor epaitua sentituko ez den espazio bat eraikitzea. Libreki espresatzeko espazio bat eraiki nahi genuen.
Zein adin tarteri zabalik dago zuen ekimena?
Ez dago adin tarte zehatzik. Alde batetik, ikasle gazteak ditugu, 16 urtetik azpikoak; bestetik, takoiekin dantzatzen duten ikasleak daude, 18 urtetik gorakoak; eta, azkenik, nagusienak ditugu, 35 urtetik gorakoak.
Dantza bizitzen erakusten duzuela diozue.
Bai, dantza mugimendu gisa ulertzen da, guk berriz beste zentzu bat ematen diogu, mugimenduaren bitartez sentimenduak espresatzen irakasten dugu. Hau da, ez da bakarrik mugitzea, zentzu batekin mugitzea baizik.
Urtean bi ekimen handi antolatzen dituzue. Zehaztuko zenituzke?
Ikasturte amaierako emanaldia antolatzen dugu, eta gabonetan pare bat eguneko dantza-festibala, adin guztiei zuzendua egongo dena. Horren inguruan beste hainbat espazio sortu nahi ditugu, adibidez, merkatu bat antolatzea pentsatu dugu, umeek ukimena garatzeko eskulanetarako espazio bat ere bai, eta gorputz-adierazpena lantzeko beste tailer bat ere bai. Ikusteko dago, hala ere, beste espazio batzuk sortuko ditugun.
Interesatua dagoena nola jarri daiteke zuekin harremanetan?
Lokalera gerturatzeko esango nioke. Informazioa nahi badu, gu prest gaude emateko, edo zuzenean probatu nahi badu, klaseetara batzea gomendatuko nioke, lehen bi asteetako klaseak doakoak baitira. Bi astez etor zaitezke probatzera. Gainera, gure lokala familien beharretara egokituta dago, Berrasoeta parkea ondoan dugu umeak bertan egoteko, eta lokalaren ondoan ere taberna bat dugu bertan lasai egoteko.
Zer behar da dantzan hasteko?
Gogotsu egotea da garrantzitsuena. Horrez gain, norberaren burua ezagutzeko prest egon behar duzu. Horretarako, funtsezkoa da jarrera onarekin etortzea eta jarrera itxia ez izatea ariketa berriak probatzeko eta errealitate berrietara irekitzeko. Era berean, garrantzi handia ematen diogu beldurrak alde batera uzteari, gure helburua horiek lantzea da kanpoko iritziek gure mugimenduak baldintza ez ditzaten. Hain zuzen ere, beldurrak eta adierazteko moduak lantzeko, aurrerago, hainbat antzerki-klase martxan jartzea pentsatu dugu.
Errekalde kalean zaudete. Interesatua dagoena hurbildu daiteke zuen ekimena bertatik bertara ezagutzera?
Noski, beso zabalik jasoko dugu, irrifar batekin eta inor epaitu gabe. Gure proiektua dantza-eskolarekin hasi da, baina baditugu beste hainbat ekimen ere. Instagrameko erabiltzaile-izena eta webgunearen izena Kronia.estudio da.