BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren azken edizioko hiru film onenetakoak ikusteko aukera egongo da Urnietan, eta dohainik. Mendi Tour zirkuituaren 9. edizio honen barruan, mendi garaiak, paisaia ikusgarriak eta goi-mailako kirol-erronkak ez dira protagonista bakarrak izango; haien atzean dauden giza istorioak, emozioak eta erronka pertsonalak ere gailenduko dira. Gozatu ederra, beraz, mendia gogoko dutenentzat.
Emanaldi honek, gainera, euskal ekoizpena eta bertako sortzaileen lana jarriko ditu erdigunean. Pantailaratuko diren hiru dokumentaletatik bik euskal zuzendarien sinadura daramate eta nazioarteko jaialdian sari nagusiak eskuratu dituzte. Haien ondoan, nazioarteko muturreko eski espedizio ikusgarri batek osatuko du hiru laneko egitarau borobila.
Honatx ikusgai izango diren hiru ikus-entzunezkoen xehetasunak:
Euskal ekoizpenak nagusi:
kirola, mina eta barne-bidaia
Ikusleen arretaren zatirik handiena etxeko bi ekoizpen sarituek erakarriko dute, bi euskal zuzendariren giza ikuspegiak eta sentikortasunak gidatuta.
'Cantos y flores' (Julen Elorza), Kirol eta Abentura Film Onena
Julen Elorza bideogile arrasatearrak zuzendutako lan honek 2025eko BBK Mendi Film jaialdiko Kirol eta Abentura Film Onenaren Saria jaso zuen.
Euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin ikusi ahal izango den dokumental honek Boliviako mendi ikonikoenetara benetako barne-bidaia bat proposatzen du. Filmak 27 minutuko iraupena du.
Zertaz doa? Bere anaia hil eta zazpi urtera, Karina Carsoliok berriro heldu dio elkarrekin partekatutako amets bati: Boliviako Huayna Potosi, Illimani eta Sajama mendiak igo eta jaistea, FKTak (Fastest Known Time edo onartutako markarik azkarrenak) egiteko ahaleginean. Hillary Gerardi mendiko korrikalari ezagunarekin batera, erronka fisiko hutsaz harago doa esperientzia; mendia minaren, orbaintzen diren zaurien eta elkartze espiritual baten ispilu bihurtzen da.
Zuzendaria eta filmaren sorburua: Julen Elorza trail running munduan erabat ezaguna den filmmaker-a da. Skyrunner World Series lehiaketako bideo ofizialen egilea izateaz gain, 2022an 'La Gara' film laburra aurkeztu zuen jaialdian. 'Cantos y Flores' lana grabatzeko uneaz gogoratuz, Elorzak Goienan azaldu zuen Peruko lasterketa bat baliatu zuela 2024ko udan Bolivian hiru seimilako igotzeko, "gora eta behera geratu barik". Oztopoak oztopo –gaixotasunak eta eguraldi txarra tarteko–, zuzendariak izugarri ikasi zuela aitortu du. Saria jasotzea ez zuela espero gaineratu du: "Lana ia amaituta zegoela erabaki genuen aurkeztea, eta sorpresa oso atsegina izan da; indarra ematen du aurrera jarraitzeko".
'Izarren zaunka' (Nagore Eceiza), Euskarazko Film Onena
Nagore Eceiza Donostiako zuzendariaren film honek EITB Saria eskuratu zuen iazko Mendi Filmean, Euskarazko Film Onenaren atalean. Testu eta hausnarketa poetikoen bidez osatutako lana da, eskaladaren bidez erori eta altxatzeko prozesu pertsonala erakusten duena. Filmak 18 minutu irauten du.
Zertaz doa? Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga eskalatzaileak dira protagonista nagusiak Txindokiko mendi parajeetan. Bi lagunak Larraitzen elkartuko dira Mikelek Txindokin liberatu berri duen bide bat eskalatzeko. Mikelek tokiko bakean inspirazioa bilatzen duen bitartean, Ikerrek bere min kronikoetatik, insomniotik eta antsietatetik askatzea lortu nahi du. Txindokiko ertz mitikoa iluntasunaren eta argiaren arteko mugatzat hartuta, naturan eta laguntasunean berriro zutik jartzeko ahalegina kontatzen du dokumentalak.
Zuzendaria eta filmaren sorburua: Nagore Eceiza donostiarra argazki-zuzendari, muntatzaile eta El Santo Films ekoiztetxearen sortzailea da. Nazioarteko izaera sozialeko dokumental askotan parte hartu izan du Ezeizak (Amazonian, Indian, Mexikon...). Lan honen jatorrian, Iker Urangak berak izandako barne-hausnarketa eta bilaketa sakona dago: ez zuten gailurraren epika edo "arrakasta merkea" goretsi nahi, baizik eta erortzearen eta berriro jaikitzearen benetako zentzua erakutsi nahi izan zuten. Txindokiko horma bertikaletan irekitako bide berri baten bidez, eskalada eta bizitzaren arteko lotura osatu dute.
Nazioarteko ikusgarritasuna:
muga fisikoak
Bi euskal ekoizpen horiekin batera, gaualdia osatzeko ikusgarritasun tekniko zein fisiko handiko lana eskainiko da:
AEBko 45 minutuko ekoizpen honek muturreko kirolaren eta espedizioen alderdirik gogorrena erakusten du.
Zertaz doa? Bi urteko saiakeren ondoren, Christina "Lusti" Lustenberger eta Jim Morrison mendi eskiatzaileek, Nick McNutt eta Chantel Astorgarekin batera, Trango Glaziar Handiaren eskien lehen jaitsiera historikoa lortu zuten. 6.000 metrora, etengabeko esposizioak, arrisku fisikoak eta izutzeko moduko paretak proban jartzen dute taldearen determinazioa. Espedizio kideen arteko konfiantza muturrekoa izango da imajinaezina den jaitsierari elkarrekin aurre egiteko.
Datorren asteazkeneko ikus-entzunezkoak ikusteko sarrera doakoa da, aretoa bete arte.