“Aurtengo pregoia” entzun zen bozgorailuan, aurreko ostiral arratsaldean. Eta, segidan, Fran Bravok ekin zion jai batzordeak prest zuen idatzia euskaraz irakurtzeari. Lerro haien artean iritsi zen albistea: kitto, amaitu daitezkeela Etxeberri plazako jaiak. Esther Toribiok irakurri behar zuen erdarazko adierazpena, baina, jaiak azkenera iristear zirela adierazteko unean, ezinezkoa zitzaion hitz horiek ahoskatzea. Emozioak jota, eta ezinean, Bravok hartu zion lekukoa. “Zoritxarrez, eta ikusita, indarrak gutxitzen ari zaizkigula, gerta liteke gure azken urtea izatea. Baina, tira, har ezazue azkena balitz bezala eta goza ezazue topera!”.
Auzoa eta herria egitea baita, neurri handian, jaiak antolatzeko arrazoi nagusia. Horrexegatik, izaera berezia hartu du aurtengo adierazpenak. Hauexek, taula gainetik, bi ordezkariek egindako adierazpenaren muina: “herri edo auzo bat bizirik mantentzeko, lantaldea behar da proiektu desberdinak aurrera ateratzeko, esaterako, auzoko jaiak. Hemen elkartu garenak, antolatzaileak eta festazaleak, jaiez gozatzen eta egitarauko hitzorduetan parte hartzen dugu. Jaiak antolatzen ditugun zortzigarren edizioa da eta eskerrak eman nahi dizkizuegu gure artean egoteagatik. 2026koa berezia izango da, ez dugu esango azkena izango dela, baina gerta daiteke horrela izatea”.
Behin ezustekoa emanda, jaien izaera azaltzeari eta parte-hartzea sustatzeari eutsi zioten: “hasieratik giro atsegina sortzen ahalegindu gara, adin guztietakoak aintzat hartzen, bai gaztetxoak, bai helduak. Aurtengoa ere ildo beretik doa. Etxeberriko auzoko elkartetik zuek guztiok ongi pasatzea nahi dugu eta honekin batera eskatzen dizuegu errespetua, hemen zaudeten guztioi eta baita antolatzaileoi ere. Bide batez, gure aitortza hainbat lanetan laguntza eman diguten guztiei: eskerrik asko guztiei! Dakizuenez, Etxeberrita jaitsiko da laster eta horrela hasiko dira jaiak. Beraz, Gora Etxeberrita!, gora Etxeberriko jaiak!”. Panpintxoa zerutik jaitsi eta ekin zioten jaiari. Azkena izan litezkeela burutik kendu ezinik.
Lehen aldi hura, 2017an
Irailaren 9a izan zen, 2017. urtean, Etxeberri plazako ospakizunen aroa abiatu zenean. Geroztik, pandemia bazterrean utzita, auzo-elkarteak jaiak antolatu ditu ikasturtea hastearekin batera. Geroztik, antzekoa da lantaldea. Orduko hartan, AiurrIko hitzordura, Fran Bravo, Marta Mandayo eta Estela Cuevas hurbildu ziren. Lehen edizioa egun osoko ospakizuna izan zen. Hori bai, goizetik gauerdira ondo hornitutako egitarauarekin: goizeko 11:00tan egin zuten txupinazoa eta, segidan, ekitaldi ugari, honako hurrenkeran: ginkana, paella-jatea, eskulanak, bingoa, karaokea, patata-tortilla lehiaketa, afari herrikoia eta disko-festa. Ordu txikietan izendatu zituzten, lehiaketa bidez, auzoko Miss eta Mister. Xedea, orduko hartan, egungo berbera zen: auzoari bizitasuna ematea eta gainontzeko herritarrak bertara gerturatzea nahi zuten antolatzaileek. 2017tik gaurdaino, hein handi batean, helburu bikoitz hori lortu dute.
Hasiera guztietan gertatu ohi denez, antolatzaileak gogotsu zeuden eta jaia iristeko atarian aurreikuspen positiboa egiten zuten: “Auzoetako festak antolatzea oso garrantzitsua da eta ez dugu ohitura hori galdu behar”, azpimarratu nahi izan zuen Fran Bravok. Hemerotekarekin jarraituz, iragarpena jasotzen zuen orduko Aiurrik: "festa ondo ateratzen bada, datorren urteetara begira, auzoko festa indar handiagoarekin gauzatzera ani- matuko direla adierazi dute".
Zorionez, aurrikuspenak bete, eta jaiak dimentsio handiagoa hartu zuen. 2018tik hona asteburu osoko ospakizunak izan dira. Egitarau xumea, bai, baina hitzorduz beterikoa. Eta hori guztia aurrera ateratzeko lantaldea behar da.
2026ra iritsita, nekeak jota dabiltza Etxeberri plazako jaien lehen aroari heldu ziotenak. Ikustear da 2027an jaiak jarraipena izango duen edo ez. Baiezkoa balitz, antolaketaren lekukoa hartzeko prest dauden kide berriak batu diren seinalea litzateke. Ezezkoa balitz, orain arte egindako guztiagatik eskerrak ematea besterik ez da geratuko. Egin dutena handia izan baita.
Izan ere, auzo berria izanik, auzotartasuna sustazeko egin duten ahalegina garrantzi handikoa baita. Jaiak ospatzea komunitatea egiteko tresna indartsua baita.
Ia hamar urte atzera, bazkari batetik sortutako ideia errealitate bihurtu zuten Etxeberriko auzotarrek. Hazia erein dute eta, akaso, urteren batean fruiturik ez du emango haziak. Baina horrek ez du esan nahi geroan emango ez duenik. Pentsa dezagun sortuko direla jaiak antolatzen jarraitzeko kimu berriak. Eta, bitartean, eskerrik asko Estela, Fran eta hainbat lanetan laguntzaile aritu diren gainerako kideei.