Gurutze Iantzi gogoan hartu zuten San Juan plazan antolatutako oroimen-ekitaldian

Bart arratsaldean gogoan hartu dute Gurutze Iantzi, haren heriotzaren urteurrenean. San Juan plazan egin zuten ekitaldian, beste urte batez, egia, justizia eta memoria aldarrikatu zituzten.

Lore-eskaintzarekin eta kantuz eta bertsoz osatu zuten ekitaldia. Adierazpenak, nola ez, garrantzi berezia hartu zuen atzokoan.

San Juan plazan irakurri zuten adierazpenean gogoan izan zuten 33 urte betetzen zirela Gurutze Iantzi torturapean hil zutela: “Sarritan entzuten dugu biktima guztiei egia, aitortza, justicia eta erreparazioa zor zaiela. Diskriminaziorik gabe, salbuespenik gabe. Errazegia ahoskatzen den esaldia da baina estatuaren bortxa pairatu dutenen kasuan hori errealitate bilakatzea oso zaila da”.

Izan ere, Iantzi urnietarra ofizialki biktimatzat hartzen da baina harago joatea aldarrikatu zuten: “Bitxia da hilketa horrek bestelako ondoriorik ez izatea. Urte askotako ukapenaren ondoren, egia ezartzea lortzen den kasu guztietan inork ez du erreparatzen biktimarioengan eta arduradunak seinalatzea ekidin egiten da”.

“Elkarbizitza demokratikoaren parametroetan bizitzeko eskubidea dugu denok, eszenatoki horretara iristeko denok eman behar ditugu urratsak. Horregatik beharrezkoa da publikoki argi eta garbi aitortzea, bere burua demokratikotzat duen Zuzenbide Estatu batean ez dagoela giza-eskubideen gainetik jar daiteken Estatu-arrazoirik”.

Elkarbizitza ere osotasunean garatzea aldarrikatu zuten, jarraian: “agerikoa da elkarbizitza eralkitzen jarraitu behar dugula; agerikoa den bezala estatuaren estrategiari babes politiko eta mediatikoa eman ziotenek, gure biktimarioei zigorgabetasuna bermatu zietenek, isiltasun ituna sinatu zutenek eta haien adostasunaz tortura Estatuaren beste tresna bat bihurtzea ahalbidetu zuten guztiek, aurrera urrats bat eman beharko lukete”.

Eragindako mina aitortzea

Normalizazio demokratikoaren bidean estatuak ere urratsak ematearen alde agertu ziren: “ “Abiapuntu gisa, estatuaren bortxak eragindako kaltea eta biktima bakoitza aitortzea eskatzeaz gain, gure eta gure senideen aurka egindako krimenen ondoriozko erantzukizun politikoak argitzea exijitzen du ere; horiek ahalbidetu zituzten baldintzei buruz hausnartzea eskatzen du, ondorioak ikusaraztea, eta zigorgabetasuna naturalizatzen uztea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!