Gogotsu antzeman zitzaion, beste ziklo bat errepikatzeko asmoz: “Duela lau urteko ilusio berarekin aurkezten naiz, baina esperientzia gehiagorekin, ezagutza handiagoarekin eta Urnietaren alde lanean jarraitzeko inoiz baino gogo handiagoarekin”.
Etxebizitza, auzo-oreka eta pertsonak aintzat hartu zituen haugataik bere adierazpenean. Agintaldi honetan eta hurrengoan Urnietan ehunka etxebizitza eraikiko direla iragarri zuen Seguradok: “Babiloniako garapenean 355 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten da, horietatik 270 inguru babestuak”. Eta hurrengo legealdian Azkarateko eremuan ere aurrera egin beharko dela adierazi du. Bertan, beste 424 etxebizitza aurreikusten dira, horietatik 318 inguru babestuak. “Arazoa ezagutzen dugu eta benetako irtenbideak eskaintzeko lanean ari gara”, gaineratu zuen Seguradok.
Horrekin lotura du herri orekaren eta auzoen alde egin zuen apustua. Euren desioa errealitate bilakatu nahi dute: “Pertsona guztientzat auzo erosoak, seguruak, irisgarriak eta atseginak nahi ditugu”,
Pertsonak dira hirugarren ardatza eta aurkezpenean esandakoaren arabera, Urnietan adinekoei, gehien behar dutenei eta gazteen behar berriei erantzungo dien zaintza eredua garatzen jarraituko dutela adierazi zuen.
Alderdiaren babesa
Urnietako, Beterri-Buruntzako eta Gipuzkoako alderdikideak elkartu ziren Jakutegi plazan. Alboan izan zituen, mitinera iristean, Euge Arrizabalaga GBBKo lehendakaria, Maribel Vaquero Kongresuko bozeramailea, Mikel Pagola Urnietako alkate ohia eta Agurtzane Mercader egungo alkate-ordea.
