Euskararen erronkei buruz aritu ziren Burrunba egunean

Iraia Sanchez Arregi

Urnietako Lekaio kultur etxean elkartu ziren gazte euskaltzaleak, Euskal Herrian Euskarazeko kideek emandako hitzaldiarekin hasi zuten eguna.

Pasa den larunbatean, hilak 3, Burrunba eguna antolatu zuten Urnietan. Egunari hasiera emateko, euskararen erronkak izan zituzten hizpide Euskal Herrian Euskarazeko Estitxu Uhaldek eta Ibon Leibarrek bideratutako hitzaldian. Euskararen egoeraz kezkatuta jende andana elkartu zen Lekaio kultur etxean.

Euskararen berpizkunde aldien errepasoa eginez hasi zuten solasaldia. Egun, euskararen ezagutza zabala bada ere, hizkuntzaren erabilera eza kezkagarria dela ohartarazi zuten. EAEn gazteria belaunaldirik euskaldunduena, jakintzari dagokionean behintzat, bada ere, “euskara euren artean normalizatu izanak, balitekeela kontzientzia falta ekarri izana” zioten. Nolanahi ere, gazteengan karga gehigarririk ez zuten jarri nahi izan, euskararekiko ardura “denona baita”. Gainera, euskara “egiturazko arazoa” denez, “norbanakoak epaitzeak ez duela zentzurik” gehitu zuten, eta euskararen “berpizkundeak politikoa” izan behar duela.

Hizkuntza eta nazio auzia “ahul eta bigarren planoa batean” daudela eta “egungo indibidualismoaren gorakadak” euskararen kontzientzia faltan ere eragina dutela aditzera eman zuten. Hala, euskararen ezagutza hazita ere, ez erabilera ezta hizkuntza gaitasuna ere ez direla handitzen azaldu zuten.

Euskarak arlo guztietan egon behar duela presente aldarrikatu zuten, “rapa modan baldin badago, ba hori ere euskaraz egingo dugu”. Euskaraz ikaste hutsak “ez baitu bermatzen jendea euskaraz biziko denik edo Euskal Herria euskaldun bat eraikiko denik”. Halaber, euskara eskakizunak “ez direla betetzen ari” salatu zuten.

Halere, berriro ere pixkanaka euskararen aldeko borrokak agendatan sartzen ari direla nabarmendu zuten, Burrunba taldea bera horren adibide izanik.

Hitzaldiari borobiltzeko, talde txikitan banatuta hausnartzeko ariketa batzuk egin zituzten, begirada desberdinak partekatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!