Iñaki Mendizabal Egiari ahaideek eta lagunek atzo, astelehenarekin, Albia Rekalde Berriko beilatokian egin zioten azken agurra. Urnietako EH Bilduk Gara egunkarian atzo argitaratu zuen eskelak, bere nortasunera hurbil gaitezkeen honako bertsoa dakar:
Kontu kantari-egon berriak
Samiel jaiak aitzaki
azken aldia izango zela
destinoak erabaki.
Lagun artean ixtimatua
bihotz oneko izaki.
Zenbat lan ixil egindakoa
jarrera onez fin aski.
Hagon tokitik argi egiten
jarraituk ezak, Iñaki
2007an, alkategai
2007ko udal hauteskundeetan Urnietako alkategaietako bat izan zen, Eusko Abertzale Ekintzarekin, esan bezala. Auzitegi Konstituzionalaren inpugnazioetatik libratu zen bakanetakoa izan zen Urnietan alderdi horrek aurkeztu zuen zerrenda; urrutira gabe, Andoainen Gotzon Garmendia buru zuen EAE-ANVren zerrenda, legez kanpo geratu zen eta ezin izan zuen udalgintzan parte hartu.
Hauteskunde kanpainan barrena Aiurriri eskaini zion elkarrizketan, bera buru zuen zerrendak urnietarrei zer nolako bermea eskaintzen zien galdetuta, honako hau erantzun zuen: “garbia, zintzoa eta umila izatea eta alderdikideek hala jokatzea. Ez gara saldukeriaz eta okerka aritzen. Herriaren parte gara eta herritarren premiak dira gure oinarri eta lehentasuna. Beste politika mota bat da gure eskaintza, politika egiteko beste era bat”. Herri bizitza botatzen zuen faltan, eta soberan, berriz, konformitatea.
Oso lehiatuak izan ziren Urnietan udal hauteskundeak; emaitzak begiratu besterik ez dago: UDAk lau zinegotzi (820 boto), PSE-EEk lau zinegotzi (763 boto), EAJ-PNVk hiru zinegotzi (691 boto) eta EAE-ANVk bi zinegotzi (499 boto). Urnietan Florentino Ugalde (EAJ-PNV), Mikel Izagirre (UDA), Herme Gonzalez (PSE-EE) eta Javier Moreno (PP) izan ziren beste alkategaiak.
Aldaketa sakona gertatu zen Urnietan orduan, eta zerikusi handia izan zuen horretan garai hartan Gipuzkoan gertatzen ari zen zaborren kudeaketa politikaren gaineko eztabaida, eta batik bat, erraustegia Urnietako lursailetan jartzearen iragarpena. Urnieta Denon Artean-eko (UDA) hautagai Mikel Izagirrek lortu zuen alkatetza, EAE-ANVren hiru botoekin. Iñaki Mendizabalek Gotzone Astiasaran eta Iñigo Alkain izan zituen talde kide udalgintzan, legealdi hartan.
Ezker abertzalearen ilegalizazioen garaiak
Euskal politikagintzak urte katramilatsuak bizi izan zituen boladan hartu zuen protagonismoa EAE-ANV alderdiak. 1930ean sortu zen alderdia, eta euskal abertzaletasuna, errepublika eta akonfesionaltasuna zituen ikur bere idearioan. 1936Ko kolpe militarrari aurre egiteko lau batailoi sortu zituen Euskal Ejertzitoaren baitan, eta Jose Antonio Agirre buru zuen Eusko Jaurlaritzan parte hartu zuen.
Herri Batasuna koalizioaren sorreran parte hartu zuen Mendizabalek, eta Mahai Nazionaleko kide ere izan zen.
2008ko otsailean Espainiako Entzutegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak EHAK eta EAE-ANV alderdien jarduera hiru urtez etetea agindu zuen, eta urte bereko irailean Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zituen bi alderdiak.