Urnietako Gau Beltza: hasi dira motorrak berotzen

Artxiboko irudia.

Urnietako kaleak Gau Beltzan murgilduko dira beste urte batez. Urriaren 31n, arratsaldeko 18:30ean hasita, ospakizuna antolatu du Salestarrak Magale ikastetxeak. Aukera, gainera, zabala da: Beldurraren tunela, saria-ziria, gaztainak eta txokolatea… Etxeberri plaza eta San Juan plaza izango dira Urnietako bi gune nagusiak.

Antolatzaileek, gainera, udalerritik harago zabalduko dute ospakizuna aurreko egunetan. Izan ere, osasun arazoak dituztenengana hurbildu nahi dute Gau Beltza. Hala, urriaren 28an Hernaniko adinekoen egoitzara eramango dute festa. Eta biharamunean, urriaren 29an, Urnietako Eguneko Zentroan izango dira. Urriaren 30ean, berriz, kalejira Donostia Ospitaleko Maternora eramango dute. Han eta hemen biratxoa egin ostean Urnietako ospakizunean murgilduko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!