Osasun-zerbitzu publiko, unibertsala eta euskalduna aldarrikatu dute

Iraia Sanchez Arregi

Donostialdeko Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (DOPA) eta Etengabeko Arreta Guneetako (EAG) kategoria guztietako langileek agerraldia egin dute eskualdeko Osakidetzako zerbitzuetan bizi duten «egoera jasanezina» agerian uzteko.

Gaur goizean egindako adierazpenen arabera, badira hiru urte Donostialdean EAGak sendagilerik gabe irekitzen dituztela. 2024ko eta 2025eko udako datuek agerian utzi dutenez, hiru txandatik batean ez da sendagilerik egon. Horrek, langileen osasunean eta asistentziaren kalitatean ez ezik, segurtasun juridikoan ere eragin zuzena duela nabarmendu dute. Bizi duten errealitate horrek Donostialdeko ESI osoari eragiten dio erabat; tartean, Urnietako osasun-zerbitzuei eta herritarrei eta baita Usurbilgo, Lasarte-Oriako eta Hernanikoei ere.

Eskualdeko ESIko arduradunekin bilerak egin badituzte ere, eta Lan Osasuneko Zerbitzuan idatziak bi aldiz aurkeztu dituzten arren, kaltetuek salatu dute zuzendaritzaren erantzuna «autokonplazentzia hutsa» izan dela eta egoerak berdintsu edo okerrago jarraitzen duela.

“Pazienteen segurtasuna arriskuan jartzeaz gain, asistentzia-kalitatea nabarmen kaltetzen du”

Ezinegona areagotzen ari da

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, pazienteak medikurik ez dagoen zentro batera iristen direnean, informaziorik gabe aurkitzen dira sarritan. Egoera horren aurrean, erizainek eta zeladoreek une estresagarriei egin behar dietela aurre gaineratu dute, baliabide nahikorik gabe erantzun bat ematen saiatzeko. Gainera, arazoa erdiguneko zentro koordinatzailera ere zabaltzen dela ohartarazi dute, bertan ere murrizketen ondorioz sendagilerik gabe gelditzen baitira batzuetan.

Egoera horrek langileen artean «larritasuna, ezinegon handia eta beldurra» eragiten dituela azpimarratu dute, pazienteen segurtasuna arriskuan jartzeaz gain, asistentzia-kalitatea nabarmen kaltetzen duela erantsiz.

Aldarrikapenak erdigunean

Greba egunetan zerbitzu minimo gisa lan talde osoak ezartzen direla gogorarazi ondoren, plataformak eta langileek galdera bera luzatu dute: «zergatik ez lan talde osatua urteko 365 egunetan?».

Egoera bideratzeko eskaera zehatzak plazaratu dituzte; batetik, Oinarrizko Arreta eta Osasunaren Sustapena indartzea eskatu dute, eta, horretarako, plantilla handitzea, finkatzea, lanpostu hutsak betetzea eta baliabide diagnostiko zein terapeutikoak gehitzea aldarrikatu dute. Bestetik, pribatizazio-prozesua gelditzea galdegin dute, osasun publikoaren negozio pribatuaren finantzaketarekin amaituz eta osasun-zerbitzuen kudeaketan erabateko gardentasuna eskatuz. Azkenik, zerbitzu publiko, unibertsala eta euskalduna aldarrikatu dute, osasun-sistema publikoaren kalitatea eta unibertsaltasuna berreskuratzeko ekimenak abiatuko dituztela iragarriz.

Erlazionatuak

DOPA prentsaurrekoa

Iraia Sanchez Arregi urr 16, 14:26 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!