Kapsula Kuantikoa Urnietara iritsi da gaur, bihar Andoainen izango da

Iraia Sanchez Arregi

Fisika eta teknologia kuantikoak herritarrei modu parte-hartzaile, irisgarri eta erakargarrian hurbiltzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren unitate mugikor ibiltaria Urnietara iritsi da gaur.

Ekimena Urnietako kiroldegiaren sarrerako gunean kokatuta dago jada. Goizeko orduetan ikastetxeetako haur zein gaztetxoek bisita gidatuez gozatzeko aukera izan dute, eta arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara bitartean, ateak zabalik izango dira herritar guztientzat.

Unitate mugikor moderno honetan ontziratuta, bisitariak esperientzia kolektibo bat bizitzeko aukera izaten ari dira, fisika kuantikoaren oinarrizko printzipioak deskubrituz eta eguneroko bizitzan dituzten aplikazioak ezagutuz. Bisitan zehar, ikus-entzunezko baliabideak zein instalazio interaktiboak konbinatzen dira, lehen begiratuan konplexuak edo urrunekoak diruditen kontzeptuak modu erraz eta grafikoan ulertzen laguntzeko.

Gaur Urnietan egon ostean, bihar, asteazkena, hilak 21, Andoaingo txanda izango da. Han ere goizez ikastetxeetako taldeen bisitak hartuko dituzte eta ondoren herritar orori irekiko dizkiote ateak. Hurrengo egunetan, EAEko beste hainbat udalerri eta txokotara zabalduko dute Kapsula Kuantikoaren ibilbidea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!