0-6 urte bitarteko haurrentzat ipuin kontaketa saioak, Urnietan

Urnietako 0 eta 6 urte bitarteko haurrek irakurketaz eta ipuinez gozatzeko aukera izango dute datozen asteetan, “Liburu baby kluba” eta “Liburu txiki kluba” ekimenei esker. Egitasmoa Urnietako Udaleko Kultura sailaren, Bookstart Euskadi Gipuzkoaren eta Mestiza Elkarte Artistiko Soziokulturalaren arteko elkarlanaren fruitu da.

Aurtengo egitaraua bi adin-tartetan banatu da. Batetik, “Liburu baby kluba” 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da heldu baten laguntzarekin joatea. Hitzorduak Lekaioko areto nagusian izango dira, 17:00etan, ondorengo egunetan: urriaren 28an, azaroaren 18an eta 25ean, eta abenduaren 2an. Saio hauetako gehieneko edukiera 20 familiakoa izango da.

Bestetik, “Liburu txiki kluba” 4 eta 6 urte arteko haurrentzat pentsatutako ekimena da. Kasu honetan, saio bakarra eskainiko da azaroaren 13an 17:30ean Xoxokako eskola zaharrean.

Doako liburu sorta familientzat

Haurren artean irakurzaletasuna txikitatik sustatzeko helburu nagusiarekin, ekimen honekin batera opari berezi bat iragarri dute. Hain zuzen ere, 2023an, 2024an, 2025ean eta 2026an jaiotako haurren familiei doako liburu sorta bat banatuko zaie, urriaren 26tik aurrera Lekaioko liburutegian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!