Andoainen, Basteron, azaroaren 18an egingo dute hitzaldia, eta bertan Buruntzaldea eta Andoain izango dut hizpide, batik bat.
Azurkik eta Arroyok hainbat xehetasun eman zituzten hitzaldian, Lekaion: identifikatu dituzten 180 internazionalisten izen-abizenak, jatorria, ibilerak... Faxismoari aurkako borrokan bizia emateko prest zeuden pertsona kontzientziatuak izan zirela ziurtatu zuten bi ikerlariek.
Herriz herri, internazionalisten oroitzapena zabaltzen
Aitor Azurki (Donostia, 1983) kazetaria eta Aitzol Arroyo (Hondarribia, 1994) historialaria tokian-tokira ari dira egokitzen beren hitzartzea, eta era horretan, Urnietako saioak, “1936ko Gerran Gipuzkoan eta Urnietan izandako borrokalari internazionalisten presentzia eta jarduna” hartu zuen izenburutzat, atzo. Andoaingoak, ostera, “Borrokalari internazionalistak Gipuzkoan, 1936ko gerran: Andoain, Estoucha eta Oriako frontea” darama hizpidetzat.
2019an hasitako ikerketa luze baten ondoren, 180 internazionalista identifikatu eta haien gaineko dokumentazio mordoa Europako hainbat artxiboetan eskuratu ahal izan dituzte Azurkik eta Arroyok. Horrenbestez, beren bizitokia (Frantzia, Belgika, Txekia, Polonia, Belgika, Suitza, Polonia, Austria, Alemania, Ukraina, Kanada, Hungaria, Jugoslavia...) utzi eta 1936ko udan Gipuzkoara etorrita, Errepublikaren aldeko frontean borrokan jardun zuten lagunen oroimena berreskuratu dituzte ahanzturatik.
Faxistek Donostia irailaren 13an eta Gipuzkoa ia osoa (Elgeta eta Eibarren salbuespenez ezik) irailaren amaieran mendean hartu zuten arte, Gipuzkoako hainbat frontetan faxismoaren aurka borrokan aritu ziren internazionalistak hartu dituzte jomugan bi ikerlariek, hain zuzen. Konpromiso handiko internazionalistak “1930eko hamarkadan Europan indar betean zegoen faxismo hura euskal lurretan geldiarazteko konpromiso irmoa” hartu zuten militante ezkertiarrak izan zirela aipatu dute. Internazionalista haien profila zehaztu nahi izan dute, eta baita ere, auzitan jarri haiengan tarteka proiektatu izan den irudia. “Bildutako dokumentazio guztiak argi erakusten du pertsona haiek ez zirela, oro har, abenturazaleak, esperientzia iraultzaileak bizitzeko eta gero familiei kontatzeko xedez etorriak, baizik eta askatasunarekin, giza eskubideekin eta antifaxismoarekin konprometitutako pertsonak, Europan zabaltzen ari zen joera autoritarioarekin kezkatuta eta zetorrenaz jabetuta Gipuzkoara bidaiatu zutenak estatu-kolpeari aurre egiten laguntzeko eta haren kontrako borrokari pertsonalki lotzeko”.
Bestalde, argi daukate 180 internazionalista haiek ez zirela ezinbestekoak izan Gipuzkoan izan ziren borrokaldietan, “baina oso egiteko esanguratsua izan zuten. Adibidez, Irungo Guduan, metrailadoreen erabileran nabarmendu ziren, baita lubakiak era taktika militarrak antolatzen ere; hain ausardia, prestutasuna eta diziplina ahaztu gabe, jakina”.
Aitortzaren eta memoriaren atalean bi arrazoiengatik merezi dutela azpimarratzea uste dute Azurkik eta Arroyok, “memoria demokratikoari dagokion erreparazio sentimentaleko keinu gisa, eta halaber, zorroztasun historiografikoak hala eskatzen duelako”.
Zorra kitatzeko, liburua
Internazionalista horien izen-abizenak jasotzen eta beren ibilerak kontatzen dituen Euskaldiko Borrokalarietako bat naiz liburua kaleratu dute berriki. Obra horrek hutsune memorialista bat bete nahi dutela adierazi dute bi egileek, eta baita ere “pertsona horiekiko guztiekiko zor historiko bati” erantzun. “Zor hori kitatuta geratuko da, partzialki bada ere, historiografiaren ikuspegitik -gure ahalmenaren neurrian-, legezkotasun demokratikoa defendatu zuten protagonista atzerritar haien nortasuna eta ekintzak ikertu, identifikatu eta sakonduko duen heinean”.
Hainbat atal biltzen ditu liburuak: 1936ko Gerrak Gipuzkoan eman zuenaren kontakizuna (kolpe militarraren lehen egunak, erresistentzia antifaxista...), lehenengo internazionalisten etorrera eta horiek ibili ziren (gudalekuak), kolpistek Gipuzkoa okupatu zutenekoa, atzerriko presoak eta trukeak, hiztegi biografikoa...
Liburua, euskaraz zein gaztelaniaz, Aldundiko Giza Eskubideak eta Kultura Demokratikoa sailaren web orrian deskarga liteke.
Buruntzaldean ibili zen talde belgikarra
Hiztegi biografikoaren atala izan daiteke liburuaren ekarpenik deigarriena, bertan zerrendatzen baitituzte 180 internazionalisten izen-abizenak, jatorria, argazkiak eta datu biografikoak.
Horien artean, Buruntza mendiko lubakietan edota Urnieta, Oria eta Andoaingo lur-eremuetan ibili ziren zenbaitzuen aipamenak topa daitezke: hala nola, Deszo Lowinger hungariarra, Joseph Marius Gerain eta Raoul Paul Rampelberg belgikarrak, Estera Zilberberg Estoucha poloniarra...
Zehazki, Oriako frontean, Buruntzako lubakietan ibili ziren internazionalistak ere identifikatu dituzte, metrailadorea ondo erabiltzen zekiten belgikarrak, gehienak: Marcel Louis Ongena, Etienne Doninique Janssens, Joseph Marius Gerain, Louis Jean Deswaine, Jean Deschamps eta Verneirt Aime belgikarrak eta Renato Blanco italiarra.
Estoucha, emakume bakarra
Identifikatu dituzten 180 internazionalistetatik, Estera Zilberberg Estoucha da emakume bakarra. Harengan begiak jarri dituzte bereziki Azurkik eta Arroyok, aparteko biografia (pelikula baterako egokia) duen internazionalista den heinean.
1912an Kalizsen (Polonia) jaio zen. 1934an medikuntza ikasketak egiten ari zela Belgikako Alderdi Komunistan afiliatu zen, eta 1936ko abuztuaren 8an, hainbat botika hartu, eta Abram Gostinsky boluntarioekin eta metrailadoreak erabiltzen adituak ziren beste zortzi boluntario belgikarrekin batera, Euskal Herrira abiatu zen. Abuztuaren 12tik aurrera lan sanitarioetan jardun zuen Gipuzkoan; Irun, Donostia, Andoain, Urnieta Astigarraga, Zumaia, Zumarraga eta Azkoitiko fronteetatik igaro zen irailaren amaiera bitartean, miliziano komunistekin batera. Noizbait, egoerak behartuta, metrailadorea eskuetan zuela ere aritu zela ziurtatu ahal izan dute Aitor Azurkik eta Aitzol Arroyok.
Estoucha Buruntzaldean ibili izanaren froga grafikoa topatu dute bi ikerlariek; hain zuzen, Fronte Popular egunkariaren 1936ko abuztuaren 16ko zenbakian, argazki batean, Andoaingo Goikoplazan ageri da Estoucha, Abram Gostynski eta beste bi belgikarrekin.
Araba eta Bizkaiko fronteetan baso batean zauritu egin zuten, borrokalari bat artatzen ari zela. 1937ko otsailean, Bilboko Mujeres aldizkarian kazetari bezala ere aritu zen.
Iparraldeko frontea hautsi ostean, errepublikanoekin jarraitu zuen, hainbat gatazka guneetan. Gerrak aurrera egin ahala, erizain, kazetari eta itzultzaile lanetan jardun zuen, eta 1939ko otsailean, muga zeharkatu, eta bat egin zuen nazien aurkako erresistentziarekin. Naziek atxilotu, torturatu eta Frantziako, Belgikako eta Alemaniako espetxeetan gatibu eduki zuten, arik eta 1944an Ravensbrück eta Mauthausen kontzentrazio-esparruetara deportatu zuten arte. 1945ean aske geratu zen, eta Parisko auzo batean mediku gisa aritu zen 50eko hamarkadan. 1994an hil zen.
Estoucha-ren seme Georges Waysand idazleak haren biografia idatzi zuen, XX. mendeko 90. hamarkadan, eta frantsesetik gaztelaniara itzulita aurkeztu zuten Donostian, joan zen irailaren 26an, hain zuzen. Alberdania euskal argitaletxeak kaleratu du liburua, Estoucha izenburupean.

