Kafe Zaintzaileen taldea aurkeztu dute, "hitzegiteko eta elkar entzuteko"

Urnietako zaintza ekosistema izan zuten hizpide Lekaion atzo egin zituzten jardunaldi irekietan. Bertan, herrian sortu berri den Kafe Zaintzaileen taldeak bere burua aurkeztu zuen; “hitz egiteko, elkar entzuteko eta lagundua sentitzeko espazio bat” sortu nahi duela taldeak, adierazi zuten. Argazki-sorta eta bideoa, ikusgai.

Josune Zubeldia, Eli Etxezarreta, Tere Lasarte, Consuelo Frutos, Ana Rozas eta Joxpi Lasak jarri dute abian Kafe Zaintzaileen taldea.

Atzoko aurkezpenean, herritarrei “topaketa informal baterako” gonbidapena luzatu zieten; hain zuzen, kiroldegiko erabilera anitzeko gelan, azaroaren 22an, 17:00etatik 19:00etan jarri dute hitzordua. “Giro lasaian hitz egiteko” espazioa nahi dute sortu, “epaitu gabe entzunak sentitzeko, esperientziak partekatzeko eta elkar hobeto ezagutzeko”.

Espazioa pertsona guztientzat irekita dagoela ere gaineratu zuten, “adinekoak, gazteak, zaintzaileak, bizilagunak eta partekatzeko edo entzuteko gogoa duen edonor”.

Bestalde, atzoko jardunaldi irekietan, Euskadi Lagunkoia egitasmoko Andrea Pozo teknikariak hartu zuen hitza. Euskadiko herri eta auzoak pertsona guztientzat -bereziki adinekoenentzat- gero eta atseginagoak, irisgarriagoak eta bizigarriagoak egitea helburu du Euskadi Lagunkoia ekimenak, Jaurlaritzak eta Matia Fundazioak elkarkidetzan bultzatuta.

Ondoren, Urnietako lau herritarrek, Peio Urretabizkaiak (Muazpiko harakina), Kontxi Albisuk (Loratu Memoria taldeko kidea), Laura Martinezek (erresidentziako zaintza arloko bolondresa) eta Maria Jesus Arrospidek (Caritaseko bolondresa) beren bizipenak kontatu zituzten, bakartasuna eta elkarrekiko laguntza hizpide hartuta.

Zabalduz ekimen sozialeko kooperatibako Katrin Etxebeste teknikariak gidatu zuen atzoko zaintza ekosistemaren gaineko ekitaldia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!