“Sustraitik espaziora” lemapean, abian da Errigoraren udazkeneko kanpaina. Nafarroako hegoaldeko hiru saskiren artean aukeratu daiteke eta, gainera, hango euskalgintza hauspotzen lagunduko du erosleak.
Bigarren urtez jarraian saskia eskatzen duen urnietarrak herrian bertan jasoko du saskia. Aukera paregabea da, beraz, erosleek izango dutena.
Azaroaren 12ra bitarte eskaera egiteko tartea dago. Ezaguna denez, auzolanari tiraka, Nafarroako produktuez osatutako makina bat saski banatzen da urtero Euskal Herri osoan barrena. Gainera, eremu horretako euskalgintzari ekarpen-ekonomikoa egiten zaio udazkeneko kanpainan, saski bakoitzaren balioaren % 25 bideratzen baita euskararen aldeko proiektuetara.
Aurten ere 3 saski dira, denera, eta gainera prezioan ez da aldaketarik izan:
- Saski beltza (60 euro): olioa, piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza, iIlarrak, patxaran eta mantekatuak.
- Saski berdea (65 euro): piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, teilak, txokopipitak, sagar zukua, ozpina eta ardo beltza erdi-ondua.
- Saski gorria (75 euro): ardo beltza, ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, mantekadak, polboroiak, ardi-gazta, txokolatezko molineritoak eta patxarana.
Eskaera egiteko garaia da orain, Errigora.eus webgunean sartuta. Eta, urnietarrok, jakin dezazuela: zuen eskaerak Urnietara bertara iritsiko dira.