Formatu txikiko arte eszenikoen finala, ikusgarria eta jendetsua

Zurriburri antzerki taldeak arte eszenikoen munduan murgildu ditu zaletuak, urrian barrena. Lehiaketa modura antolatuta, ikusmin handia piztu zuen finalak: aretoa betetzeaz gain, etorkizunean jarraipena emateko gogoz dira.

Jaitsi da Sarobeko teloia, Urnietako formatu txikiko arte eszenikoen lehen edizioari amaiera eman diona. Kitto, amaitu da. Sei antzezlan iritsi dira finalera eta bidean beste hainbat geratu dira. Zenbatzen hasteko garaia da: lehen edizioa izateko hautagairik ez da falta izan, eta ikuslegoak ere erantzun du. Ondo abiatu denak jarraipena izatea desio dute, orain, antolatzaileek eta artistek. Show must go on, ikuskizunak aurrera jarraitu behar du. Loturak egiten hasita, izenburu hori darabil Adrian Cumbres gazteak bere ikuskizun berrienean. Aurtengo protagonistatakoa izan da: finaleraino iritsi eta sarietakoa lortu du.

Adrian Cumbres, pozarren

“Oso gustura eta pozik nago, eskertzekoa da horrelakoak egitea Urnietan. Niretzat oparia da Saroben antzeztea, sorterrian gainera, ohorea izan da. Ikuslegoarentzat proposamen ezberdinak ikusteko aukera dagoelako Urnietan eta hori beti da ona. Aurten, nagusiki, antzezlanak gailendu dira eta nire kasuan oso pozik nago sarietako bat lortu dudalako. Beraz, sortzeko eta aurkezteko aukera eman didate eta niretzat oso berezia izan da. Esfortzu handia dago lehiaketa honen atzean eta edizio berriak egiten badira akaso hobetu daitezke hainbat alor. Hala ere, eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei”.

Antolatzaileak, eskertuta

Mikel Agirregomezkorta eta lagunen lehen balorazioa, jarraian: “Zurriburri elkartearentzat oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Gure helburuak erabat asetuta geratu dira horrenbestez. Espero dugu datorren urtean lehiaketak jarraipena izatea eta bigarren edizioa egin ahal izatea. Eskerrak eman nahi dizkiogu proiektua burutu ahal izateko parte hartu duten instituzio eta pertsona guztiei: Urnietako Udala, Sarobe Arte Eszenikoen Gunea, Zurriburri elkarteko kideak, lehiatu diren taldeak eta, nola ez, ikuslegoa. Finaleko egunean, aurreko larunbatean, Sarobe bete genuen. Mila-mila esker”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!