Gau Beltza ikusgarria egin dute

Gau Beltza ikusgarria eta bizia ospatu dute Urnietako kaleetan bart, Salestarrak Magale ikastetxeak antolatuta. Argazki-sorta, ikusgai.

LHko eta DBH 1-2 mailetako ikasleek (200 bat), irakasleek eta hainbat boluntarioek osatutako kalejira egin zuten Etxeberri plazatik San Juan plazara, 18:30ean hasita. Ikusminak erakarritako jende andana bildu zen ibilbidearen bi aldeetan lehenbizi eta San Juan Plazan gero.

San Juan plazara iritsita, ikasleek dantza saioa eskaini zuten, eta aurreko egunetan egoitza desberdinetan egin dituzten bisitetan jasotako espiritu gaizkileak sutan erretzearen errituala egin zuten.

Ez da ahaztu behar, aurreko egunetan, hainbat lekuetan zabaltzen aritu direla Gau Beltzaren espiritua, Salestarrak Magale ikastetxeko irakasle eta ikasleak. Horrela, urriaren 28an, Hernaniko adinekoen egoitzara eraman zuten festa, hilaren 29an, berriz, Urnietako Eguneko Zentrora eta azkenik, 30ean, Donostia Ospitalera. Aiton-amonengandik jaso da Gau Beltzaren festa, eta horiei keinu bat egin nahi izan zien era horretan.

 

Gau Arimak hartutako San Juan plaza

San Juan plazan, denetik prestatu zuten Gau Beltzaren zaleen gozamenerako: ikasleen batukada, gaztainak eta txokolatea, beldurraren tunela (San Migel Goiaingeruaren elizako aterpean), gaztaina-kopurua asmatzearen jokoa… Seigarren urtea da Gau Beltza ospatzen dela Salestarrak Magale hezkuntza-komunitatearen eskutik, eta egoki asko errotu da, jada Urnietan eta urnietarren artean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!