Urnietako Klima eta Energia Diagnostikoaren aurkezpena, azaroaren 24an

Behin diagnostikoa aurkeztuta, Udalak sektore ezberdinetako ordezkariekin hainbat parte-hartze saio antolatuko ditu, klima-aldaketaren aurka eta energia jasangarrien alde garatuko den ekintza-plana landu eta aberasteko helburuarekin.

Urnietako Udalak aurten abiatu du udalerriko klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko tokiko plana diseinatzeko prozesua. Lan horren lehen urratsa herriaren egungo egoeraren diagnostikoa egitea izan da.

Diagnostikoan hainbat alderdi aztertu dira: berotegi-efektuko gasen isurpenek azken urteotan izan duten bilakaera; udalerriko sektore ezberdinen energia-kontsumoaren ezaugarriak eta energia berriztagarrien garapena; isurpenak murrizteko helburuarekin. Udalak azken urteetan martxan jarritako ekimenak; energia-zaurgarritasun egoerak eta horiei aurre egiteko dauden laguntzak; landa-eremuko zuhaitz-espezieek biltegiratzen duten CO₂ kantitatea; klima-aldaketaren inpaktu nagusiak eta horiek Urnietan izan ditzaketen ondorioak; eta klima-aldagaien, hala nola tenperaturaren eta prezipitazioaren, joera historikoak zein etorkizuneko proiekzio klimatikoak.

Diagnostikoaren emaitzak herritarrei eta eragileei ezagutarazteko, aurkezpen irekia egingo da azaroaren 24an, 18:30ean, Lekaio kultur etxean.

Hurrengo urratsak

Diagnostikoa aurkeztu ondoren, Udalak parte-hartze saioak antolatuko ditu hainbat sektoretako ordezkariekin: industria, lehen sektorea, zerbitzuak, Gizarte arloko eragileak eta hezkuntza-komunitatea, besteak beste. Era berean, urnietarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute online galdetegi baten bidez.

Saio horien eta galdetegiaren helburua izango da datozen urteetan Urnietan klima-aldaketaren aurkako borrokan eta energia jasangarriaren sustapenean garatuko den ekintza-plana elkarrekin lantzea eta aberastea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!