Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko jarduerak Urnietan

Hiru ekintza antolatu dira azaroaren 25 eta 29rako Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira.

Azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Urnietako Udalak herritar orori eragiten dion hausnarketa plazaratu nahi du: emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte-eragileek eta gure komunitatea osatzen dugun kideok ere konpromisoa hartu behar dugu.

Horregatik, gaitzespenetik harago joan eta errealitate horren aurrean gure zeregina zein den galdetu behar diogu geure buruari. Emakumeen aurkako Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, egunero jarrera aktiboa behar da. Ez da nahikoa indarkeria arbuiatzea, soilik argi eta garbi ikusten denean. Behar beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, indarkeriari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea. Horretaz gain, ezinbesteko lana da biktimei laguntzea eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea. Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun jarrerarik; beste aldera begiratzeak, ez erantzuteak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiok aurrera pauso bat eman dezagun: entzun, lagundu, interesatu eta ekin dezagun emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta aurre egiteko.

Egun horren harira hiru ekintza antolatu dira Urnietan:

  • Elkarretaratzea, azaroaren 25ean, 12:00etan, San Joan plazan
  • “Zein da muga? Joko Feminista, azaroaren 25ean, Gaztelekuan
  • “Me Too” antzerkia, azaroaren 29an, 19:00etan, Saroben

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!