Herriko musikariak eta abeslariak bildu zituen Santa Zezilia egunak

Lourdes Iriondo Musika Eskolako ikasleek, Txanbolin Txistularien Elkarteko kideek, Adarra Jo Txarangak, eta Kantazauneko eta Adarramendi abesbatzako kideek elkarrekin ospatu zuten Santa Zezilia eguna, atzo arratsaldean. Argazki-sorta eta bi bideo, ikusgai.

Lurdes Iriondo eta Xabier Leter gogoan hartu zituzten San Juan plazan, lehenbizi. Horretarako, bi musikariek sortutako zenbait abestien zatiak biziberritu zituzten. Alegia, Gazte gera gazte, Amaren bularra, Izarren hautsa, Gizon arruntaren koplak, Errota zahar, eta Kontrapas.

Ondoren, kalejira biziari ekin zioten, herriko kaleetan barrena.

Lehenbiziko aldia da herriko hainbat musikarik eta abeslarik elkar hartuta ospatzen dutela Santa Zezilia eguna, eta ohitura bihurtzeko asmoa daukatela adierazi zuen Antton Jauregik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!