Egungo gazteei beste perspektiba bat eman asmoz ariko da Saroben, orduko eta gaurko mendizaletasuna oso ezberdina delako. Arraroa egingo omen zaio horretaz mintzatzea gure garai hauetan. Honatx arrazoia: “gurea wi-firik gabeko mendizaletasuna zen. Egun, 9. gradua gainditu eta zabaltzen ez baduzu, ez zara inor”.
Hiru zortzi milako igo zenituen duela hamarkada pare bat, marka handia da hori, herrian inork lortu gabekoa.
Hala da, bai. 90. hamarkadan bi, eta XXI. mendeko lehen hamarkadan, beste bat, baina tira, ez naiz ezberdina edo inor baino gehiago sentitzen hori egin izanagatik. Ezta inoren ispilu edo ezeren aitzindari ere. Maite dut IÒaki Otxoa de Olza mendizale nafarrak esaten zuen esamolde bat: “mendiko turistak gara; benetako alpinistak Kazakhstangoak, edo Poloniakoak ziren, ez gu”. Euskaldunak bagara txobinista samarrak; egiten genituen igoerak kristorenak zirela uste genuen, baina ez zen horrela. 8.000 metroko tontor igoerek oihartzun mediatikoa lortu zutenean, ni tartean suertatu nintzen. Egunkarietan agertzen ginen, eta fama hortik zetorren. Alpinista on baino motibatzaile ona nintzen; burua beti prest gauzak egiteko. Banaiz Urnietan mendi garai gehien igo dituena, baina ez gauza zailenak egin dituena, alpinista onena. Amaia Agirre bera zenak neureak baino aktibitate zailagoak egina da baina ez dute hainbeste oihartzun mediatikorik izan.
Nola iritsi zinen Himalaiaraino? Beste euskal mendizale gehienak bezala?
Askoren parekoa, Euskal Herrian denok egin duguna: Pirinioak, Alpeak, Andeak eta Asia aldera: Indian zazpi mila metroko mendi pare bat, eta gero ja Karakorum Pakistanen eta Himalaia Nepalen. Salbuespen batekin. Aconcagua mendia bizikletan igotzen saiatu nintzen, eta hori egiteko sosak biltzeko txosna bat prestatu nuen eta negatiboan bukatu, San Migel festa haietan euria egin zuelako barra-barra asteburu guztian.
Hiru zortzi milakoetan tontorra, eta beste bietan kale, ezta?
Bai. %66 asmatu nuela esan ohi dut. Hidden Peak edo Gasherbrum I 1995ean. Lehen euskaldunak izan ginen zortzi milako horretan, neu eta Koke Lasa. 1996an kale egin nuen Broad Peak-en, eta 1998an Cho Oyun gailurra Alberto Gil de Murorekin. 2000. urtean kale Everesten, eta 2001ean Gasherbrum II-an gailurra. Hurrengo urtean azken espedizioa izan zen: June alabaren jaiotza. Hor bukatu zen nire lehen bizitza, gailurretik jaisten.
Bai une bitxia erabakia hartzeko, ezta?
Bai. Silvio —aro Mondinelli italiarrarekin batera jo nuen Gasherbrum II-ko gailurra. Oso azkar, ondo igo genuen, eta esan zidan italieraz hurrengo urtean K-2 mendira igotzeko espedizioan nahi ninduela, berak ordainduta. Nire lehen aukera zen zortzi mila metroko mendi batera musu truk joateko. Ezezkoa eman nion, Gasherbrum II-tik jaitsita, beste proiektu batzuk nituelako buruan. Karakorum-en egin nuen nire ezkongabe despedida, bizitza molde bat bukatzeko. Banaketa horretatik dator orain emanaldia eskaintzeko aukera.
Azaldu hori.
Beheko kanpamenduan bi gauza zozkatu ziren. Ferrino kanpin denda kaskar batean edo North Face bikainetan lo egin bata. Kamera txar batekin irudiak filmatzea, bestea. Niri grabatzea egokitu zitzaidan, eta Alberto Gilde Murok gidatuta, espedizioko muntaia egin genuen denon artean.
Wifi-rik gabeko zortzi milako mendiak izango dituzu hizketa gai.
Bai. Egun munduan, mendizaletasunean dagoen azkartasunetik aparte bizi ginen. Ez genuen eguraldi prebisio zehatzik, ez zenuen etxekoekin hitz egiten, postalak bidaltzen ziren, argazkiak botoiari klik-klak eginez egiten ziren. Beste bizi molde bat zen.
Bizimoldea aldatu zenuen, baina abentura grina bizirik mantentzen duzu.
Bai noski. Seme-alabak euren kabuz moldatzen dira, eta hara eta hona mugitu izan naiz bikotearekin. Mendi handiak saihestu ditut aspaldi, dirutzak ordaindu behar direlako baimena lortzeko. Ez nago prest. Eguneroko gozamena beste modu batean bilatzen dut. Abentura kutsua lortzea ez da erraza, baina bizikletan-eta ibiltzen garenean saiatzen gara abentura bilatzen. Lehen dena guretzako egiten genuen, eta orain erakusteko.
Gomendioren bat?
Ez nuke esan behar, baina Indiako mendiak. Inor ez alboan, mendi altuak, herri batean komun bakarra… baina denak sakelakoarekin e?
Amaia Agirre Mendi Zinemaldia
Azaroak 26 eta 27, Saroben
Zanpatuz mendi elkarteak Amaia Agirre mendi zinemaldiko 3. edizioa antolatu du, azaroaren 26rako eta 27rako.
Bi emanaldiak iluntzeko 19:30ean izango dira, eta sarrera doakoa izanen da. Ez da izenik eman beharko aurrez emanaldiaz gozatzeko. Amaia Agirrerekin batera Ander Elustondo gazteari ere omenalditxoa egingo zaio. Jakina denez, "Elus" udan hil zen, Midi d’Ossau gailurrean jausi ostean.
Azaroak 26, osteguna. 19:30, Sarobe
Osteguneko emanaldiko arduraduna aski ezaguna da Urnietan: Txetxu Lete. Irakaslea herriko ikastolan, 8.000 metroko hiru tontor igo zituen 90. hamarkada bukaeran eta XXI. mendeko lehen hamarkadan: Wifi gabeko garaiak ziren haiek, eta belaunaldi berriei garai haiek nolakoak ziren erakusteko hasi da Lete iraganeko alpinismoaz mintzatzen.
Azaroak 27, ostirala. 19:30, Sarobe
Tasio Martin bizkaitarra da, eta Amaia Agirrek bezain ondo ezagutzen du Patagonia. Martxoan sekulako balentria gauzatu zuen Sean Villanueva eskalatzaile belgikarra lagun zuela: Fitz Roy mendiko ekialdeko ertza liberatzea. 1.200 metroko pareta da, 40 luze, hiru egun zintzilik eta 7c mailako zailtasuna.