Harrera ona izan du Kafe Zaintzaileen lehen saioak, hogeita hamar pertsona inguru bilduta

Pasa den igandean ospatu zen lehen aldiz, 30 pertsonen parte-hartzearekin, giro atsegin batean eta hurrengo hilabeteetan errepikatzeko asmoarekin.

Harrera oso ona izan zuen igande arratsaldean Urnietan egin zen Kafe Zaintzaileak ekimenaren lehen saioak. Urnietako Zaintza Mahaiko hainbat kidek sustatutako lehen topaketa honetan 30 bat lagunek parte hartu zuten, zaintzaren inguruan hitz egiteko, entzuteko eta esperientziak partekatzeko gune hurbil eta atsegin bat sortzeko helburuarekin.

Saioa kiroldegiko box-etako erabilera anitzeko gelan egin zen, giro atsegin eta parte-hartzailean. Bertaratutakoek elkar ezagutzeko, bizipenak trukatzeko eta zaintzaren garrantziaz hausnartzeko aukera izan zuten, komunitatearen ikuspegitik eta elkarrekiko laguntzaren balioa azpimarratuz.

Ekimenaren sustatzaileek balorazio positiboa egin dute lehen hitzorduaren ostean, bai parte-hartzaile kopuruagatik, bai sortu zen giro hurbil eta aberasgarriagatik. Nabarmendu dute formatuak elkarrizketa erraztu zuela eta zaintzaren inguruko kezka, bizipen eta ikuspegi ezberdinak partekatzeko aukera eman zuela.

Kafe Zaintzaileak herritar guztiei zuzendutako ekimena da, adina edo egoera pertsonala edozein dela ere. Helburua da zaintzaren inguruko harremanak eta sare komunitarioak indartzea, pertsonak entzunak, lagunduak eta zainduak senti daitezen.

Lehen saioak izan duen erantzun onaren ondoren, antolatzaileek herritarrak datozen hilabeteetan egingo diren topaketetan parte hartzera animatu dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!