MiniGARBIGUNEA etxeko hondakin arriskutsuentzat

Hondakin bereziak gaika biltzeko prestatutako edukiontzia da, eta hondakinen kudeaketa errazteaz gain, herritarrei gertuko bilketa-zerbitzua eskaintzea du helburu.

Etxeko hondakin arriskutsuek kudeaketa berezia behar dute; izan ere, behar bezala bereizten ez badira, birzikla daitezkeen beste hondakin batzuk kutsa ditzakete eta ingurumenari kalte egin. Horregatik, ezinbestekoa da hondakin horiek modu egokian biltzea eta tratatzea.

Orain arte, Urnietan, hilabete bakoitzeko lehen eta hirugarren ostiralean herrira etortzen zen furgoneta ibiltariaren bidez eman zaie irtenbidea hondakin horiei. Hemendik aurrera, ordea, sistema aldatu egingo da, eta kiroldegiaren ondoan dagoen edukiontzien irlan kokatutako MiniGARBIGUNEAK hartuko du bere gain zerbitzu hori, hondakin horiek egunero botatzeko aukera eskainiz.

MiniGARBIGUNEAN honako hondakin hauek utz daitezke: pintura-poteak, metalak (lapikoak, zartaginak eta antzekoak), etxetresna elektriko txikiak (irabiagailuak, plantxak eta abar), gailu informatikoak (monitoreak, teklatuak eta abar), bonbila halogenoak eta kontsumo baxukoak, fluoreszenteak, inprimagailuen kartutxoak eta tonerrak eta kafe-kapsulak.

Ondorengo hondakinak ez dira MiniGARBIGUNEAN utzi behar: etxeko errefusa, obra-hondarrak, beira, ontzi arinak, papera eta kartoia, materia organikoa, altzariak eta tamaina handiko hondakinak, etxeko olio erabilia eta arropa.

Sistema berrira egokitzeko trantsizioa modu gradualean egingo da. Horretarako, 2027ko martxora arte, MiniGARBIGUNEA eta furgoneta ibiltaria aldi berean egongo dira erabilgarri. Data horretatik aurrera, berriz, MiniGARBIGUNEA izango da herritarren eskura egongo den bilketa-zerbitzu bakarra.

Furgoneta ibiltariaren ordutegiak honako hauek dira:

  • Hileko lehen ostirala: 09:00etatik 12:45era, San Joan plazan.
  • Hileko hirugarren ostirala: 16:00etatik 19:15era, Teresa Amuategi parkearen azpiko autobus-geltokian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!