Urnietako Udalak etorkizuneko Klima eta Energia Tokiko Planerako diagnostikoa aurkeztu du. Dokumentuak udalerriaren egungo egoera aztertzen du energiaren, berotegi-efektuko gasen emisioen eta klima aldaketara egokitzearen arloan, eta 2040ra arte garatuko diren ekintzak definitzeko oinarri izango da. Plana Euskadiko klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloko araudiak ezartzen dituen betebeharren barruan kokatzen da, eta udaleko beste tresna batzuekin lerrokatuta egongo da, hala nola Mugikortasun Jasangarriko Planarekin eta Udal Energia Planarekin.
Azterketaren arabera, Urnietako energía kontsumoa, batez ere, industrian eta garraioan pilatzen da. Izan ere, bi sektore horiek udalerriko kontsumo osoaren %94 inguru ordezkatzen dute. Hala ere, elektrizitate-kontsumoa %10,8 jaitsi da 2014 eta 2023 artean, eta energia berriztagarriek gero eta pisu handiagoa dute. Bereziki nabarmendu da energia fotovoltaikoaren hazkundea, azken urteetan bizkortu egin baita.
Emisioei dagokienez, diagnostikoak bilakaera positiboa erakusten du. Berotegi-efektuko gasen emisioak %34,4 murriztu dira 2014 eta 2023 artean, beheranzko joera sendotuz. Dena den, garraioak izaten jarraitzen du emisio-iturri nagusia, udalerriko emisio guztien %55 baino gehiago sortzen baititu.
Dokumentuak klima-aldaketaren ondorioei ere erreparatzen die. Aztertutako datuek erakusten dute udalerriko batez besteko tenperatura nabarmen igo dela azken hamarkadetan, eta agertokirik okerrena betez gero, mende amaierarako beste 3,5 gradu inguru igo litekeela. Era berean, muturreko beroaldien eta gau tropikalen kopurua handitzea aurreikusten da, prezipitazioak gutxitzearekin eta lehorte-aldiak ugaritzearekin batera.
Udalerriarentzat identifikatutako arrisku nagusien artean daude lehorteek nekazaritzan eta abeltzaintzan izan ditzaketen ondorioak, baita bero-boladek pertsonen osasunean eragin ditzaketen kalteak ere. Azterketaren ondorioen arabera, horiek izango dira etorkizuneko ekintza-planean lehentasunez landu beharreko arloetako batzuk.
Dokumentua aberasteko eta bultzatu beharreko neurriak elkarlanean definitzeko helburuarekin, Udalak herritarrei eta udalerriko eragileei irekitako partaidetza prozesua jarriko du martxan. Prozesuak gizarte, ekonomia eta hezkuntza eragileekin egingo diren saio sektorialak, online galdetegi bat eta azken aurkezpen publiko bat izango ditu, bertan aurkeztuko baita osaturiko ekintza plana.
Udalak herritarrak parte hartzera animatzen ditu. Izan ere, prozesu horri esker proposamenak eta lehentasunak jaso ahal izango dira, datozen hamarkadetako klima-erronkei aurre egiteko erresilienteagoa, jasangarriagoa eta prestatuagoa egongo den udalerria eraikitzeko.