Herritarren errekonozimenduarekin asebeteta

Aiurri 2011ko aza. 28a, 15:41

Teodoro Hernandorena kultur taldeko kideek 36ko Gerraren inguruan Zizurkilen antolatutako jardunaldi arrakastatsuen ondoren, Zizurkilen fusilatu zituzten bost herritarretatik biren senideek hitza hartu eta euren oroitzapen ilunak argitu dituzte, barruak baretuz: Jesusa Mendizabalek, Elias Konstantzioren arrebak eta Joxe Krutz Barrosok, Gabinoren semeak.

Jesusa Mendizabal Bengoetxea zizurkildarrak 14 urte zituen 1936ko irailaren 29an bi guardia zibil eta errekete batek Elias Konstantzio anaia Adunibar jaiotetxetik atxilo eraman zutenean. Ordudanik urte asko igaro den arren, atzo izan balira bezala gogoratzen ditu gertaerak: “Baserritik pasako zirela bagenekienez, arropa hoberenak belar azpian gorde genituen hartuko zizkigutelakoan. Errota genuen etxean eta guardia zibilak etortzen zirenean, errotapean sartuko ginela esaten genuen. Pentsa, ze pentsamendu geneuzkan... Baserritik pasa egingo zirela pentsatzen genuen. Pasa? Pasada ederra eman ziguten guri”, adierazi du .
Guardia zibilek harrapatu aurretik, beste askok bezala, Oriora alde egin zuen Elias Konstantzio Mendizabalek. Han billabonatar asko omen zegoen Frantziara bidean, baina berak etxera etorri nahi zuen eta gau ilun batean Oriotik etxera itzuli zela ekarri du gogora Jesusa arrebak, “egun pare bat-edo egingo zituen eta karterotza nahiz aguaziltza egiten zuenez, amak presentatu egin behar zuela esaten zion. Hala, San Migel eguna ailegatu zen eta ama, anaia Elias eta hirurok geunden etxean. Painuelo bat plantxatzen ari nintzela gogoan dut bi guardia zibil eta errekete bat etorri zirenean. Ama eta anaia goian zeuden, ni behean. Deitu nion anaiari, baina haiek nahi bezain azkar  jaisten ez eta guardia zibil bat eskailbarreneraino joan zen: -‘¿Está usted ya preparado?’, galdetu eta eraman egin zuten. Ni sukaldean geratu nintzen, baina amak leihotik ikusi egin zuen nola etxearen izkinean lotu egiten zuten. Amarengana goiko solairura igo nintzenean lurrean aurkitu nuen penak jota”, gogoratu du Jesusak zeharo hunkituta. Etxetik Tolosako espetxera eraman zuten lehenengo, Ondarretakora geroago, “familiako hainbat kide Ondarretara joan zen, Elias non zegoen galdetzera. -‘Elias Mendizabal, del 14 al 15 liberado’ erantzun zieten. -‘¿Liberado? Etxera ez da etorri eta’, etxekoek. -‘Isilik ez bazaude, haren lekuan sartuko zaitugu’, espetxekoen erantzuna. Gerora jakin genuen nola ekarri zituzten Antiguako zubi azpira ‘un-dos, un-dos’ esanez, frontera zihoazelako”. Gertaera ilun horien ondorengo egia guztia jakiterik lortu ezak pena ematen dio Jesusari. Baina anaia Xerapio asko saiatu zela batetik eta bestetik aztarnak bilatzen eta zer edo zer aurkitu zuela gaineratu du, “badirudi Xerapio anaiari billabonatar frankistaren batek damututa esan ziola Beran fusilatu zutela Elias. Hark seguru jotzen zuen hura, nahiz eta agiriren batzuetan Oiartzunen fusilatu zutela ageri zen. Berako kanposantuaren gorako harrobira eraman zituztela esaten zuen Xerapiok eta handik bolketea eginda hamabost gizon batera bota zituztela”.

Errepublikar izatea, pekatu
Jesusak gogoan du nola amak jende askori eskatu zion semea aske uzteko, baina nola inork ez zion batere kasurik egin. “Gerora, askotan erregutzearen ondorioz, fusilatutako semeari entierroa egitea lortu zuen amak”. Anaia fusilatzearen arrazoia herritarren arteko ezinikusi eta inbidia izan zela azaldu du ahots sendoz Jesusak, “gure anaia Elias errepublikarren artean afiliatu zen, hainbat argazkitan errepublikarren zentroan ageri da bandera eskuan duela. Horixe izan zen bere pekatua, baina hori al da pertsona hiltzeko arrazoia? Herritarren arteko ezinikusi eta inbiriagatik hil zuten gure anaia”. Anaia fusilatu eta gero, etxeko mina nahikoa ez eta agintariek laguntzak ukatu zizkietela ere aitortu du Jesusak: “gure amak izugarriak ikusi zituen. Nik 9 urte nituela hil zen aita eta zortzi seme-alaben kargu egin behar izan zuen berak bakarrik. Mikeleteen emazte edota fronteko bijilanteen emazteei ematen zieten bezala, gure amari ukatu egin zioten tokatzen zitzaion pentsioa. Norbaitek beteko zituen poltsikoak haren kontura”.

Errekonozimendua, lasaitasuna
Teodoro Hernandorena kultur taldeko kideek fusilatuen senitartekoei egin dieten errekonozimenduarekin asebeteta ageri da Jesusa, “oso pozgarria izan da. Aurrez inork ez zeukan eskolarik eta nork egin behar zuen lehenago halakorik? Niretzat oso garrantzitsua izan da anaia eta herriko fusilatuak oroitzea. Etxean ere, urte luzetan ezkutuan gordeta izan dugu gai hau; orain gainetik pisu handia kenduta sentitzen naiz”.

Joxe Krutz Barroso Ugalde, Gabino Barroso Minguezen semea da. 3 urte eskas zituela harrapatu zuen gerraren atzapar ilunak. Gabino aita, errepublikano izateagatik fusilatu zuten.

1933 urtean jaio zen Joxe Krutz Zizurkilgo Jauregi edo Villa Juanito izeneko etxean. Hiru anai-arrebetan gazteena. Oso umea zenez, ez du gerra garaiko oroitzapen zuzenik gordetzen. Baina garai hartaz amari entzundako pasadizoak ez ditu ahaztu: “aita eta bere familia Valladolidetik etorri ziren Zizurkilera bizitzera. Aurrena igeltsutegian aritzen zen lanean gure aita, karea mando eta gurdien bidez batetik bestera garraiatzen. Gerora Fraisoro umezurztegiko sereno izan zen eta garai hartan harrapatu zuen gerrak. (Gure aitaren aurretik, aitona –amaren aita– aritu zen aurrez langintza hartan eta hura hiltzean, gure aitak hartu zuen sereno postua). Esan zigutenez, Villabonako frankistaren batzuk salatu zuten, gure aita errepublikano izateagatik”.
Agiriek adierazten dutenez, Elias Mendizabal eta Gabino Barrosok bide bera jarraitu zuten behin atxilotu eta gero, “badirudi Tolosako espetxetik Donostiako Ondarretakora biak batera eraman zituztela eta badirudi fusilatu ere biak batera egingo zituztela Beran, tartean beste billabonatar ugarirekin batera”.

Beldurra nagusi kalean
Gerrarekin batera, Presentacion Ugalde ama eta hiru anai-arrebak Bartzelonara joan ziren aurrena, gero Manresara eta handik Frantziara. “Gerra bukatu zenean berriz ere Zizurkilera itzuli ginen eta bertan bizitu ginen 1980 urtean Villabonara joan ginen arte”, zehaztu du Joxe Krutzek. Familia barruan halako gertaera bat bizitzea oso gogorra dela gaineratu du eta, dudarik gabe, orbana uzten duela, “seme-alabak aurrera ateratzeko, ama lanean aritzen zen: garbiketak egitera joaten zen etxeetara. Gerra ondorenean, gure egoeran geratu ziren familiei ez zitzaien inolako laguntzarik eman. Bakar-bakarrik, bazkaltzera auxilio sozialera joaten ginela esan nezake”. Gerra garaian nahiz ondorengo urteetan kalean beldurra nagusitu zela aipatu du Joxe Krutzek, hala ere herritarren aldetik babesa jaso zutela adierazi du, “nik ez dut gogoan, baina gerora entzun izan nuenez, beldurra nagusitu arren, herritarrek babesa erakutsi ziguten aita fusilatu eta gero. Ume garaiko oroitzapen handirik ez daukadan arren, gertaera haiek ez ditut sekula ahaztuko”.

Anaiaren laguntza
Gertaera ilun haien ondoren etxe barruko egoera leuntzen lagundu zien Kandido anaia zaharrenak, 18 urte zituela zesta puntan jokatzera joan zen pilotariak: “Zaragoza eta Bartzelonan ibili zen aurrena, Italia edota Filipinetan gero. Han ezkondu zen eta tarteka diru pixka bat bidaltzen zigun etxera. Anaiak ere aurrera ateratzen lagundu zigun”.

Oroimenaren garrantzia
Teodoro Hernandorena kultur taldeak berriki antolatutako jardunaldiak eta bereziki fusilatuen senitartekoei egindako omenaldia oso gogoko izateaz gain, beharrezkotzat jotzen ditu Joxe Krutzek. “Aurrez, 1978 urtean, Franco hil eta gero meza bat antolatu zen Zizurkil Goian, fusilatutakoak oroituz. Geroztik, ordea, ez da beste ezer ere egin eta zizurkildar gehienek ez zekiten zer gertatu zen gerra garaian herrian. Nire ustez oso garrantzitsua izan da gertaera haien berri gogorarazi edo jakinaraztea. Ekitaldien ondoren, lasaiago geratu naiz orain; barrua arinduta”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!