EH Bilduk Zizurkilgo hautagaitza zerrenda aurkeztu du

Ainhoa Gil 2019ko api. 10a, 18:46

Hautagaitza osatzen duen taldearen argazkia

Zizurkilgo udaletxearen aurrealdean egin zuten hautagaitza osatzen duten 11 kideen aurkezpena.

Hauek dira 11 ordezkariak:

1-Iker Urruzola  Aizpurua                          

2-Maite Amenabar Alkorta                         

3-Iban Lizarraga Galdos                                   

4-Matti Navas Los Arcos                                   

5-Joxe Mari Luengo Zapirain                          

6-Xabier Pellejero Saralegi

7-Julian Arrastoa Agote

8-Anne Albisu Mujika

9-Arkaitz Zaldua Jauregi

10-Alaitz Ormazabal Goenaga

11-Eva Usandizaga Mujika.

Zerrendaren aurkezpena egiteaz gaiz, herri programaren ildo nagusiak ere azaldu zituzten:

-Parte hartzea, ikuspegi feminista eta euskara.  Oinarri gisa, euskara eta ikuspegi feminista Udaleko erabaki guztietan aintzat hartzeko konpromisoa hartzen dugu, zehar lerro gisa ulertzen ditugu eta alor horietan urratsak emateko konpromisoa sendoa dugu. Era berean, komunikazioan hobetu nahi genuke, orain arte egin dena aztertu eta herritarrekin harreman eta erabakigune berriak sortu, aurrekontuen partaidetza alorrean esaterako.

-Hirigintzan, Bulandegi eta herrigunea. Bulandegi auzoa dugu lehentasun. Irisgarriago, herritarrago egin nahi dugu. Horretarako azken urteetan lantzen ari den hiritartze proiektua gauzatuko dugu, oztopo arkitektonikoak leundu eta espaloia kalearen bi aldeetara jarriz.  Argiteria ere hobetu nahiko genuke gune seguruagoa eratuz. Horrekin bat, Area 15 edo Illunjako industriagunean etxebizitza gune bihurtzeko abian den prozesua lagunduko dugu. Industriagune zaharkitua eraitsi eta bertan auzune bat sortzea oso onuragarria ikusten dugu, ahal den neurrian, hori bai, bertan dauden enpresak herrian bertan birkokatuz. Ez da urte batetik bestera egingo, baina epe ertainera, Zizurkilgo hirigintza proiektu garrantzitsuenetakoa delakoan gaude.  Eta Bulandegirena behar bezala gauzatzeko,  Gipuzkoako Foru Aldundiari  berriz eskatzen diogu; Zizurkil behingoz aintzat hartu eta saihesbidea egin dezala. Bulandegi batetik, herrigunea edo Zizurkil goian bestetik,  aurreikusita dauden ekimen pribatuko etxebizitzak egin ondoren Udal etxebizitzen aukera lantzeko modua izan liteke, eta horretarako behar errealen azterketa egingo dugu.

-Gazteak eta etxebizitza. EH Bilduk gobernatzen duten beste herri batzuek, Azpeitiak, esaterako, abian jarritako bideari jarraiki, diru laguntza onartuko dugu gazteak alokairuan bizitzera joan daitezen eta horrekin batera etxe hutsen zentsua berritu eta horri lotuta har litezken neurriak aztertuko ditugu.

-Tokiko merkataritza. Batzorde iraunkor bat sortuko dugu herriko merkatari guztiei irekia, arlo honetako politikak elkarlanean garatzeko. Horren baitan karga- deskarga guneak edo beste zenbait eskaera aztertu eta neurriak hartzeko prest gaude. Dauden establezimentu eta ostatuei eustea nahiko genukeelako. Eta horrez gain, Udaleko zerga eta tasetan ezar daitezkeen hobarien bidez saltoki berriak irekitzea bultzatuko dugu.

-Kulturan, Plazida Otaño eta Plazaetxeberri. Kulturan, Plazida Otaño liburutegia sendotzeko asmoa dugu: Zizurkil erreferente bihurtu du eskualdean liburutegiak eta gure zeregina altxor hori ez galtzea da. Ikasgelak eskualde osoko herritarrak hartzen ditu eta gaur egun duen kokagunean tarteka izan ohi den zarata saihesteko, kokagune egokiagora eramateko konpromisoa hartzen dugu. Herrigunean aldiz, Plazaetxeberri eraikin historikoaren jabe egin da Udala. EH Bildutik herritarrekin landu nahi dugu Plazaetxeberriren erabilera zehatza, proposamenak jasoko ditugu eta prozesu honekin, Zizurkil Goiko kultur azpiegitura eta beharren inguruko gogoeta garatu nahi genuke, epe ertaineko bide orri bat zehaztuz.

Proposamen gehiago ere helarazi dituzte aurkezpenean, herri programa osoa eskuragarri jarri du koalizioak zizurkil.ehbildu.eus atarian.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!