Zizurkilgo EH Bilduren ekitaldia

Aiurri 2019ko mai. 25a, 09:35

Zizurkilgo EH Bilduk ekitaldia egin zuen atzo iluntzean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Igotz Alkorta kazetaria aritu zen aurkezle lanetan eta zerrendako hautagaiak "talde anitza eta lanerako gogoz dagoena" moduan aurkeztu zituen.

Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai Larraitz Ugarte ere bertan izan zen eta EH Bilduk herri honek behar duen proiektua duela esan zuen, "ahal bada gobernuetan eta bestela oposizioan arituko gara... Gipuzkoan lehen indarra izango gara, Zizurkilen izango garen bezala", iragarri zuen indartsu.

Jarraian, omenaldia egin zitzaien Frankismoaren ondorengo lehen Udal taldeko kideei. Ohorezko aurreskua dantzatu zieten dantzariek eta euren legealdiko lehen akta banatu zitzaien oroigarri gisa, eskuz idatzitakoa. Frankismoaren ondorenean lehen alkate izan zen Inaxi Otegik hitza hartu zuen, "garai batean komisioetan egiten genuen lan, gaur egun batzorde esaten zaie. Gizon eta emakumeei dei egiten diet, -emakumeei bereziki, indartsuak garelako-, batzorde horietan parte hartu eta herriaren alde lan egitera".

Unai Mendizabalen bertsoen ostean, Iker Urruzola egungo alkategaiaren txanda izan zen, "entzun izan dugu bozkatzeak ez duela merezi, denak berdinak direla; behin alkatetza hartutakoan nahi dutena egiten dutela... Gustura galdetuko nieke eraildako haiei eta baita Udalean egon diren zinegotzi eta zinegotzi ohiei ea bozkatzeak merezi duen edo ez... Ba bai, noski baietz! Merezi du bozkatzeak. Lau urtez behin bada ere, Udal gobernua nork kudeatu erabakitzeko garrantzitsua da bozkatzea. Igandean, mesedez, denok bozkatera", eskatu zuen. Aurretiako lana ondo egina dutela ere esan zuen, luze ibili direla entrenatzen. "Zizurkilgo EH Bilduko zerrendako kide guztiak herrigintzan dabiltza edo ibili gara. Herria goitik behera ezagutzen dugu. Ezker ikuspegiko hainbat arlotan militatu dugu. Zizurkil maite dugu. Euskara gure ama hizkuntza da. Feminismoa ardatz dugu eta ez argazki bat. Herritarron ongizatean ere sinesten dugu eta horren alde lanean gabiltza. Udal gestioan esperientzia daukagu. Landa eremua eta baserria ere oso ondo ezagutzen dugu. Txalo bero bat zerrendako hamaika kide hauei eta orain arteko zinegotzi eta zinegotzi ohiei".

Ekitaldiaren ondoren trikiti doinuak entzun ziren eta afaria izan zen ondoren.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!