Ekintza erakargarri ugari, Gaztezulok antolatuta

Aiurri 2019ko mai. 29a, 10:05

Uda iritsi da jada Zizurkilgo Gaztezulora. Hain zuzen, larunbat honetan bertan, ekainaren 1ean, hiri-altzarien estanpazio-tailerra izango da bertan.

Hiriko hainbat elementu margotu ahal izango dituzte 9 urtetik gorako gaztetxoek, eta, margotutako elementu horiekin, kamisetak eta oihalezko poltsak estanpatu. Kaleko artegintza eta serigrafia lantzeko aukera bikaina izango dute ekimenera biltzen diren gaztetxoek.

Arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bitartean izango da tailerra, eta 9 urtetik gora duen edozein gaztetxok parte hartu ahal izango du ekimenean.

Baina udako ekintzak ez dira hor amaituko. Hain zuzen, aurten programazio oparoa prestatu du Zizurkilgo Gaztezulok uztailerako. Mota guztietako ekintzak antolatu ditu, 12-17 urte arteko gaztetxoentzat: Kirol Astea, abenturak, igerilekua eta erreka… Kirol Astearen kasuan, herriko kirol-elkarteekin lankidetzan probatu ahal izango dira herrian eskaintzen diren kirol-jarduerak: pilota, halterofilia, atletismoa eta txirrindularitza. Ziotza, Danena eta Danok Danena elkarteen laguntza izango dugu Kirol Astea aurrera eramateko. Eta, udan gaudela aprobetxatuz, paddle surf egiteko aukera ere izango dute Kirol Astean izena ematen dutenek.

Hainbat irteera ere programatu dira hil horretarako: Olaberriako kartingera, Lasarteko Puelaberri paintball gunera, Hernaniko igerilekura, Asteasuko igerilekura, Leitzarango errekara,  Txintxokiko Itzala abentura-parkera eta bi eguneko irteera Goizuetako Zubimuxu aterpetxera. Gazteek ez dute aspertzeko betarik izango uztailean. Gazteek nahi duten ekintzan parte hartzea aukeratu ahal izango dute, eta ekintza horri dagokion kuota ordaindu. Denetan parte hartu nahi dutenek, berriz, 125 euroko kuota murriztua ordaintzeko aukera izango dute. Izen-emateak ekainaren 8ra arte egin ahal izango dira, Gaztezulon bertan edo Zizurkilgo udal-bulegoetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!