Zizurkilgo Udalak Jose Aranaren plaka berrezarri du

Aiurri 2019ko eka. 3a, 09:49

Zizurkilgo Udalak 2018ko uztailean plaka bat ipini zuen Donostiako Polloe hilerrian, Jose Arana Irastorza, 1936ko irailaren 17an Zizurkilgo Zarateko Bentan hil zuten Gerra Zibileko EAE-ANVko lehen gudaria omentzeko. Plaka ipintzeko ekitaldian parte hartu zuten Arana zenaren senideek, Arantzadi zientzia elkarteak eta baita memoria historikoaren gaian bide lagun diren Aiztondoko Udalek. 2019ko aste santu aurretik baina, plaka desagertu egin zen Polloeko hilerritik.

Memoria guztien alde
Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkatearen arabera, “gaitzesgarria eta tamalgarria da memoria historikoa berreskuratzeko ekintza baten aurkako horrelako erasoa eta berehala ikusi genuen plaka hori berrezarri behar genuela. Eta hala egin dugu”. Udalak elkartasuna eta babesa adierazi nahi die Aranaren senide eta gertukoei eta konpromisoa berresten du memoria historikoaren eta giza eskubideen urraketak jasan dituzten memoria guztien alde lanean jarraitzeko.

Era berean, Aranzadi zientzia elkarteak udaro Aiztondoko Udalekin elkarlanean egiten dituen auzolandegien baitan, Jose Arana Irastorzari omenaldia egiteko asmoa azaldu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!