Irakurketa kluba sortu dute Plazida Otaño liburutegian

Aiurri 2019ko eka. 20a, 12:17

Irakurketa kluba jarri dute martxan Plazida Otaño liburutegian. 25 pertsona inguru dira dagoeneko eta irakurleek gogo onez hartu dute ekimena. Gaztelaniazko liburuen lehen saioa burutu dute jada. Monica Leiva kazetari katalanaren eskutik garatzen dira gaztelaniazko saioak eta ekainean egingo dute bigarrena.

Euskarazko liburuen inguruko tertuliak, berriz, idazlearekin zuzenean elkartuta bideratuko dira, bitartekaririk gabe. Irailaren 30ean izango da lehenengo saioa, astelehenarekin, 18:00etan hasita, Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gelan. Uxue Alberdiren "Kontrako eztarritik: emakume bertsolarien testigantzak" liburua izango dute mintzagai eta idazlea bera gerturatuko da saiora.

"Gure liburutegiaren izena daraman emakume bertsolariari omen egiteko asmotan, batetik, eta gaurkotasun handiko gaia delako, bestetik, aukeratu dugu liburu hori lehen tertuliarako", adierazi dute antolatzaileek, eta liburu horren aitzakian, euskaraz irakurtzeaz gain, emakumeez eta bertsolaritzaz hausnartuko dutela, Uxuerekin batera. Gonbidapena luzatu diete irakurleei, "euskarazko irakurzalea izateko saiakera honetan partaide izatera gonbidatzen zaitugu. Gure erronka: gaztelaniazko tertulian biltzen garen adina pertsona biltzea da. Ezetz 24!!!".
Liburuzainek, liburua erosi nahi ez dutenen kasuan, liburu guztiak eskuratzeko konpromisoa hartu dute. Interesatuei izena emateko eta hala nahi duenak, liburua eskatzeko deia egin diete, "epe luzea dugu, baina, liburua berria denez, garaiz eskatzea gomendatzen dugu".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!