Plazaetxeberri jatetxearen ustiaketa kontratua lehiaketara atera du Zizurkilgo Udalak

Aiurri 2019ko eka. 28a, 11:39

Lau urteko kontratua da gehienez ere. Zizurkilgo alkatea den Iker Urruzolak adierazi duenez, "herritarrek benetako erabakimena izan behar dute”.

Zizurkilgo abuztuko festak amaitu arte egungo kudeatzaileen ardura izango da Plazaetxeberri kudeatzea. Zizurkilgo Udalaren aurtengo inbertsio nagusienetako izan da herrigunean Plazaetxeberri etxe historikoaren erosketa. Herritarrekin prozesu bat garatu asmo dute udal ordezkari berriek Plazaetxeberriren erabilera erabakitzeko, baina bien bitartean taberna-jatetxeari irekita eutsi nahi diote. Iker Urruzola herriko alkateak azaldu duenez, “herriguneko festak amaitu arte egongo dira egungo kudeatzaileak, eta maizter berrien bila hasi behar dugu zerbitzuari eusteko”.

Lau urteko kontratua
Baldintza ezberdinak ezartzen ditu udalaren lehiaketak. Hiru urteko iraupena izango du ustiaketa kontratuak eta gehienez urtebete luzatu ahal izango da. Hilero udalari ordaindu beharrekoa, gutxienez 800 euro izango da eta interesdunek izena emateko epea uztailaren 15era artekoa da. Proposamenak Zizurkilgo Udal erregistroan aurkeztuko dira. “Hiru-lau urteko epea jarri dugu legealdi honetan herritarrekin landu nahi dugulako Plazaetxeberriren erabilera, bide orri bat marraztu nahi genuke herriguneko beharrak ikusiz Plazaetxeberrin egin beharrekoekin, eta ez dugu nahi oraingo erabakiek ondorengo bide orri hori zailtzea. Herritarrek benetako erabakimena izan behar dute”, adierazi du Urruzolak.

Argibide gehiago udalaren web-orrian: [argibideak].

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!