PSE-EEk festetako egitaraua euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratzeko eskatu dio alkateari

Aiurri 2019ko ira. 2a, 11:12

Zizurkilgo PSE-EEko Udal taldeko Jose Antonio Sanchezek, aste honetan hasiko diren herriko festetako egitaraua zuzendu eta euskaraz nahiz gaztelaniaz banatzeko eskatu dio Zizurkilgo alkate Iker Urruzolari, “herrian banatu den egitaraua euskara hutsez argitaratu baita”.

Jose Antonio Sanchez sozialisten Udal taldeko bozeramaileak ohar bidez jakinarazi duenez, “EH Bilduko Udal gobernua zizurkildar guztiak informatzeko bere ardura saihesten ari da, herritarren zati handi batek ez baitu euskaraz hitz egiten. Eta guztiok dugu eskubidea gure Udalak Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan informa gaitzan”.

Bestalde, joan zen abuztuaren 26ko batzarrean, festetako egitarauaren argitalpenarekin ezadostasuna erakutsi zuen Sanchezek eta egoera horrek hainbat herritarren artean sortu duen ondoeza ere mintzagai izan zuen, “bizilagun ugarik baztertu egiten baitu diru publikoarekin osatu den egitaraua, linguistikoki herritarren zati bat diskriminatzen duena. Euskara hitz egiten ez duten pertsonekiko bereizketa argia da eta egitarauko sarreran eskatzen den festa parte-hartzaileei begira, kontrako jarrera. Edo ez al dira guztientzat parte-hartzaileak?”, galdetu du.

Era berean, Udal gobernuak argitalpena zuzendu eta bi hizkuntzatan kaleratzea espero duela azaldu du, “edozein erakunde publikok jakinarazpen ofizialak herritarrei euskaraz nahiz gaztelaniaz luzatzeko betebeharra du. Alde horretatik, asteburu honetan, PSE-EEko Udal taldetik, festetako kartela gaztelaniara ere moldatu eta sare sozialetan zabaldu dugu, herritar guztiak ondo informatuta egon daitezen”.

Azkenik, sozialisten Udal taldeak Zizurkilgo elkarbizitza erabat normaldu eta inolako bazterketarik , -ez politiko, jatorri, hizkuntza edo sexu jarrerek sorturikorik- egon ez dadin, lanean dihardutela adierazi du Sanchezek, herritarren edozein eskubide urraketa salatuz. “Udalak tolerantzia eta errespetuaren adibide izan behar du. Bi hizkuntza ofizial edukitzea zortea da, gure gizartea aberastu egiten baitu kulturalki”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!