Elbarrena auzoko Joxe Arregi plazan ospatu zen prentsaurrekoa astelehen arratsaldean. Bertan izan ziren Maite Amenabar kultur zinegotzia, Matti Navas berdintasun zinegotzia eta Edurne Zudaire herritarra. Zizurkilgo Udalak bi ekimen berri jarriko ditu martxan Elbarrenako jaietan. Batetik, indarkeria matxistaren inguruan duela bi urte landutako protokoloa publiko egingo da. Matti Navas berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "protokoloan azaltzen da zer egin behar dugun herrian eraso matxistaren bat suertatzen bada. Protokolo hori oinarri hartuta, triptiko bat osatu dugu, baita kartelak ere. Kartelak jai eremuan jarriko dira eta triptikoak tabernatan, txosnan egongo dira denok eduki dezagun protokoloaren berri".
Bigarrenik, jai berdinzalegoak lortzeko prozesu parte-hartzailea jarriko dute martxan, bertan herritarren iritziak jasoaz. "Ekintza ezberdinen iritziak eskatuko ditugu genero ikuspegitik begiratuta. Horretarako liburuxka bat atera dugu, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu liburuxka betetzera. Udal bulegoetan, txosnatan… egongo dira eskuragarri herritarrek nahi dutenean betetzeko". Liburuxka hori kuadrilla eguneko bazkarian banatuko da kuadrillako kideek bete dezaten. Udalaz gain, herriko zenbait eragile ere egon dira urtean zehar mintegiak prestatzen, eta jaiak bukatu ostean jaietako ekimenak "genero ikuspegitik" aztertzeko mintegia antolatuko dutela esan du Navasek.
Festa inklusiboagoak helburu
Edurne Zudaire zizurkildarra da, eta autismoa du bere alabak. Berak azaldu du aniztasun funtzionala duten zenbait pertsonek hipersensibilitatea dutela zaratarekiko, argiarekiko nahiz musika altuarekiko, eta barraken moduko eremuetan urduriago jar daiekezeela. "Musika kentzeko erabakiarekin, barraketan ibiltzea gustatu arren, gaizki pasatzen duten pertsonei barraketan ibiltzea erraztuko zaie. Neurri hori ekintza sinple bezain esanguratsua da". Bestetik, aniztasun funtzionala duen pertsonak eta horien familiak dituzten zailtasunez "gizartea kontzienteago" egiteko modua izango dela gehitu du.
Azkenik, Maite Amenabar kultur zinegotziak hartu du hitza: "Udalak hartutako bi neurri horien helburua da herritar guztiei berdintasunean parte hartu ahal izateko aukera ematea, inolako bereizketarik egin gabe. Jaiak denonak izatea eta denok jaien parte sentitzea izango da gure helburua aurten, beste urteetan bezala, eta horretan herritarren lankidetza ezinbestekoa dugu. Behaketa eginez eta iritzia emanez egin dezaketen ekarpena, berebizikoa da guretzat. Izan ere, denon iritzia da garrantzitsua".